Aurretik ere bazegoen susmoa, 2011ko aurrekontuen negoziazioan ez baitziren ados jartzen. Azkenean, azaroaren 12an, Xabier Agirrek aurrekontuak aurkeztu zituen EAren eskakizunak aintzat hartu gabe, eta ohar batekin: aurrekontuok zuzenketarik gabe onartu behar zituzten EAko biltzarkideek. EAk zerga politikan moldaketak nahi zituen, baina diputatu nagusiak betoa jarri zuen, aldaketak eginda Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiekin duten harmonizazio fiskala hautsi egingo zela argudiatuta.
Atzo, ordea, EAko bi biltzarkideek, Lauren Uriak eta Patxi Martinez de Albenizek, 2011ko aurrekontuetako zerga politikaren gaineko bederatzi zuzenketa aurkeztu zituzten Biltzar Nagusietan. Bi ordu geroago, Agirrek gobernutik egotzi zituen EAko bi kideak: Ingurumen diputatu Mikel Mintegi eta Kultura, Euskara eta Kirol diputatu Lorena Lopez de Lacalle.
Gobernu hausturaren azalpenetan, Agirrek EAren «estrategiari» leporatu dio gertatutakoa. Ezker abertzalearengana egin duen hurbilketarekin, hauteskundeetarako sei hilabete falta direla, EAri EAJrekin gobernuan egotea «deseroso» egiten zitzaion, diputatu nagusiaren arabera. Gobernutik irteteko «aitzakia» bila aritu dela dio, eta gobernu bileran EAko bi diputatuek aurrekontuen aldeko botoa eman zutela gogorarazi du.
Baiezko baldintzatua
EAk egunotan adierazi du baiezko hori baldintzatua izan zela, Biltzar Nagusietan zerga politika aldatzen ahaleginduko zirela eta lortzen ez bazuten ezezkoa emango zietela aurrekontuei. Gainera, EAJren lehentasuna «aurrekontuak PSE-EErekin adostea edo gobernukideen eskaera aintzat hartzea» den argitzeko eskatu izan diote Agirreri. Are gehiago, diputatu nagusiak PSE-EE aurrekontuak onartzeko «lehentasunezko bazkide» dela esan baitu.
Xabier Agirrek EAren aurka egindako kritikak ez ditu gobernukide izan dituen bi diputatuetara hedatu. Aitzitik, «bihotzez» eskerrak eman dizkie, eta haien «leialtasuna» goretsi du. «Triste» dagoela erantsi du, Mintegik eta Lopez de Lacallek ez dutelako aldundian jarraituko.
Mintegik, berriz, egindako lanaz «pozik» dagoela esan du. Gogorarazi du, gobernu akordioa «alderdi unionistak gerarazteko» egin zutela eta helburu hori lortu dutela. «Gobernu abertzale bat osatu nahi genuen, espainolistak sar ez zitezen. Sinesmen bera dugu orain ere, eta ingurumen eta kulturarekiko gure konpromisoak berretsita utzi ditugu».
Hiru urtetik gorako legegintzaldi hau «ikaragarria» izan dela onartu du Mintegik, baina aldundiak arazo guztiei aurre egiten jakin duela.
Krisitik krisira
Azken urtea, izan ere, gorabeheratsua izan da Arabako Foru Aldundian, hiru krisi izan baititu.
Lehena iazko azaroan izan zen, 2010eko aurrekontuen negoziazio fasean. Diputatu nagusiak kargutik kendu zuen Aralarko diputatu Javier Aspuru, Gizarte Sustapenaren eta Gazteriaren ardura zuena. Aspuruk ez zituen aurrekontuak babestu. Ordutik atzo arte, EAJk eta EAk gobernatu dute aldundia.
Aurtengo martxoan, berriz, Tokiko Administrazioetarako eta Lurralde Orekarako diputatu Alfredo de Miguelek dimisioa eman behar izan zuen, EAJko beste kide batzuekin batera ustelkeria kasu batean inputatu zutelako.
Orain, EArekin hautsita, Biltzar Nagusietako EAJko hamalau ordezkarien babesa baino ez du izango Agirreren gobernuak. Oso babes murritza, baina aurrekontuak onartzea izango du egiteko nagusia, eta horretan PSE-EEren babesa lortzea buruhauste bakarra.
Iruña-Veleiako polemikaren parte izan da Lopez de Lacalle
2007ko abuztuan izendatu zuten Lorena Lopez de Lacallek Euskara, Kultura eta Kirol diputatua; 2008ko urtarrilean Iruña-Veleiako aztarnategiaren egoera orokorraren analisia aurkezteko ardura hartu zuen bere gain. Ikasketaz itzultzailea da. Espainiako Kongresuan eta Eusko Legebiltzarrean egin du lan.«Arabako Foru Aldundian gertatutakoak agerian utzi du gobernu nazionalista guztien ahultasuna»
TXARLI PRIETO
Arabako PSE-EEko idazkari nagusia
«Bozetarako sei hilabete falta direla, litekeena da EA deseroso sentitzea EAJrekin gobernua partekatzen»
XABIER AGIRRE
Arabako diputatu nagusia
«Gobernu abertzale bat osatu nahi genuen, espainolistak sar ez zitezen. Sinesmen bera dugu orain ere»
MIKEL MINTEGI
Arabako Ingurumen diputatu ohia
«Espainiako Estatuarekin egin beharreko akordioak lehenetsi ditu EAJklegealdi osoan»
EZKER ABERTZALEA