ARABA. GOBERNU HAUSTURA. Atzeratu nahi zuten zergen eztabaida

Asko hitz egin zen udan zenbait zerga moldatu eta igotzeari buruz, baina heldu den urteko hauteskundeak igaro arte itxarotea erabaki zuten aldundiek eta Jaurlaritzak; haatik, fiskalitatearen auzia irekitzea erabaki du EAk Araban, EAJri bizkarra emanez.

Iban Santamaria
Gasteiz
2010eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek atzeratu egin nahi zuten zergen inguruko eztabaida heldu den urteko hauteskundeak igaro arte, baina azkenean egin egingo da. Heldu den urterako aurrekontuak eta zerga neurriak onartzeko prozedura baliatuta, Eusko Alkartasunak erabaki du zerga moldaketa zehatzak proposatzea, zuzenketa bidez. Proposamenak egin orduko, Xabier Agirre ahaldun nagusiak kargugabetu egin ditu EAk foru gobernuan zituen bi diputatuak.

Zerga egituraren egoerari buruz asko hitz egin da aurten. Krisi ekonomikoak asko mugatu ditu administrazioen zerga bidezko diru sarrerak. Esaterako, aurten 2006an baino diru gutxiago biltzea espero dute ogasunek. Fiskalitatearen inguruko aldaketa nagusia, gainera, ez zen euskal esparruan hartu, balio erantsiaren zerga igotzeko eskumena Espainiako Gobernuak baitu.

Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusiak berak igotzea proposatu zuen errenta handienak dituztenen zergak -50.000 eurotik gorako diru sarrerak-, ekainean. Eusko Jaurlaritzak eta PSE-EEk ez zuten begi txarrez ikusi, baina beste aldundien eta EAJren ezezkoaz atzera bota zuten. Azkenik, 2011. urterako, langabe eta pentsiodun batzuen errenta zerga arintzeko neurriak sartuko dira bakarrik indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

EAren proposamenak

EAk aurkeztu dituen zuzenketek zerga erreforma esanguratsua eragingo lukete. Errenta handienekoek gehiago ordainduko lukete, hasteko. 63.000 eta 90.000 euro arte irabazten dituztenen PFEZa puntu bat igoko litzateke (%46). 90.000 euro baino gehiago kobratzen dituztenentzat tramu berria ezarriko litzateke, %50eko tasarekin. Eta 14.860 euro arteko diru sarrerak dituztenei hiru puntu jaitsiko litzaieke, zerga gutxiago ordaintzeko.

Errentaren zergan, soldata txikienak dituztenen aurrezkien tratu fiskala hobetzeko, zenbait neurri daude EAren zuzenketetan.

Ondasunen gaineko zerga berriro indarrean jartzea defendatuko du EAk Arabako Biltzar Nagusietan. 2008an erabaki zuten Arabak eta Bizkaiak ondasunen zerga ezabatzea, eta urtebete beranduago, Gipuzkoak. Erabakiak hainbat kritika piztu zituen, krisi garaian diru iturri bati uko egitea zelako.

Sozietate zerga igotzea ere beharrezkotzat jo du EAk. Irabazien arabera ordaintzen dute enpresek zerga hori, eta orain %28ko tasa orokorra du. EAren ideia da itzultzea Araban eta Bizkaian 2007aren aurretik zegoen egoerara -Gipuzkoan 2008tik-. Hots, %32,5eko tasa izatea. Enpresak sustatzeko sozietateen araudi berezia ezabatzea ere aurreikusten dute zuzenketetan.

Zorizko jokoek -kasinoek eta apustuek- zerga gehiago ordaintzeko moldaketak proposatu ditu EAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.