Gainera, hemeretzi kontzeju horiek emango duten iritziarekin bat egingo dute Gasteizko udalerriko beste 44 kontzejuek. «Kontzeju zabalak deituko dituzte igandeko emaitza babesteko», azaldu du ACOVIko lehendakari Miren Fernandez de Landak.
Miñao, Ihurre, Margarita, Lermanda eta Estarroa dira, besteak beste, herri galdeketa antolatu duten kontzejuak. AHTk Gasteizen izango duen ibilbideak herri horien guztien larreak eta etxeak kaltetuko lituzke, eta herritarren bizimodua erabat aldatuko. Hortaz, egitasmo erraldoiaren inguruko iritzia emateko eskubidea dutela ebatzi dute, inork haien iritzia eskatu ez badu ere.
Egitasmoa garatzeko orduan administrazio publikoen gardentasun falta, eta zehazki Gasteizko kasuan, behin betiko ibilbidea erabaki gabe dagoela kontuan hartu du Gasteizko Kontzejuen Elkarteak (ACOVI) herri galdeketa antolatzeko. Kontzejuetako lehendakariek hilaren hasieran adierazi zutenez, Eusko Jaurlaritzaren Garraio eta Herri Lan Sailak eta Espainiako Gobernuaren Sustapen Ministerioak alde batera utzi dituzte kaltetutako herrien ordezkariak diren kontzejuak eta herri horietako bizilagunak.
Horretaz gainera, AHTk Gasteizen sartzeko zer-nolako ibilbidea egingo duen erabaki gabe dagoela kritikatu zuten kontzejuko lehendakariek. Izan ere, lau ibilbide proposatu dituzte hiriburuan sartzeko, eta baliteke laurak alde batera uztea eta bosgarren bat aukeratzea. Horrek Gasteiz inguruko herriak babesgabe uzten dituela esan zuten Araban AHTrik Ez plataformak eta Arabako Kontzejuen Elkarteak (ACOA). «Ez da bidezkoa nahitaezko desjabetzeak egiten hastea jakin gabe AHT nora eta nola joango den. Ez du ez hankarik ez bururik», nabarmendu zuen Arabako Kontzejuen Elkarteko lehendakariorde Rodrigo Lopez de Arroiabek.
Bestetik, Gasteizko Kontzejuen Elkartearen ekimenarekin bat egin dute Gasteiz Izan plataformak eta Batasunak. Gasteiz Izanek nabarmendu duenez, AHTk kaltetuko dituen herritarren iritziak kontuan hartu behar dira edozein urrats egin baino lehen. Batasunak, berriz, Arabako kontzejuek «demokraziaren bideari» eutsi diotela txalotu du.
Errespetua, eta
iritzia ematekoeskubidea
Euskal herritarrei zor zaien errespetua eta iritzia ematekoduten eskubidea aldarrikatu nahi dute bihar Gasteiz inguruko kontzejuetan.e.u.Gasteiz
Gasteiz inguruko kontzejuetan bi gauza argi utzi nahi dituzte bihar: herritarrekin errespetuz jokatu behar dela, eta iritzia emateko eskubidea dutela.
Miren Fernandez de Landa
gasteizko kontzejuen elkarteko lehendakaria
«Gutxienez haserrealdirako eskubidea aldarrikatuko dugu»
Arabako lurzoruen, baserrien eta herrien inguruan herritarrek erabakitzeko eskubidea dutela azpimarratu du Gasteizko Kontzejuen Elkarteko lehendakari Miren Fernandez de Landak. «Gure etorkizunari buruz ez dute instituzioek bakarrik erabaki behar, oso interesgarria da jakitea herriko jendeak zer dioen. Horregatik antolatu dugu galdeketa, alegia, dagoen informazio falta erabatekoa delako. Jakin nahi dugu herritarrek zer pentsatzen duten, ez bakarrik AHTk zuzenean kaltetuko dituen herritarrek, baizik eta guztien iritzia». Ildo horretan, ACOVIko ordezkariak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak ez dute inolako informaziorik eskaini eta ez dira harremanetan jarri kontzejuetako ordezkariekin. «Lortutako informazio guztia gure ekimenez izan da, batera eta bestera ibili behar izan gara».
Gainera, Fernandez de Landaren irudiko, administrazio publikoei erakutsi behar zaie halako egitasmoak ezin dituztela herritarren lepotik egin. «Gutxienez galdeketa honen bitartez haserrealdirako eskubidea aldarrikatuko dugu, eta espero dezagun gehiagorako balio izatea».
Jose Mari Lopez de Arbina
mendiolako kontzejuko lehendakaria
«Administrazio publikoak nabarmen utziko ditugu»
AHTk zuzenean kaltetuko dituen 19 herriri elkartasuna adierazteko, Mendiolako herritarrek kontzejua deitu zuten, eta biharko bozketan aterako den emaitzarekin bat egingo dutela erabaki zuten. Herriko kontzejuko lehendakari Jose Mari Lopez de Arbinak azaldu duenez, azpiegiturak ez du Mendiola zuzenean kaltetuko, baina hala ere informazioa nahi dute. «Herriek ez dakite ezer AHTri buruz, eta iritzia emateko ezinbestekoa da aldez aurretik zuzeneko informazioa lortzea».
Gainera, Lopez de Arbinak galdeketaren balioa azpimarratu du.«Bozketa honen bitartez administrazio publikoak nabarmen utzi nahi ditugu,ez direlako gai izan informazioa emateko, ez herritarrei, ezta kaltetutako herriei ere. Argi dago herri galdeketak zerbaiterako balio duela: Europatik dirua etorriko da proiektua finantzatzeko eta ikusten badute oposizio handia dagoela, agian bertan behera utziko dute diru laguntza eta proiektua gelditu egin beharko dute».
Aitor Ortiz de Zarate
Martiodako kontzejuko lehendakaria
«Parte hartzeko aukera hasieratik ukatu digute»
Eusko Jaurlaritzak gardentasun osoz aritu dela esan arren, Martiodako kontzejuko lehendakari Aitor Ortiz de Zaratek uste du guztiz kontrakoa gertatu dela. «Parte hartzeko aukera hasieratik ukatu digute. Eusko Jaurlaritzari esan nahi diogu igandeko bozketaren emaitza haren kontraesanen isla dela. Egitasmoaren jasangarritasuna alde batera utzita, proiektua kudeatzeko moduak sekulako haserrea eragin baitu herritarren artean. Guk hori salatu nahi dugu».
Bestetik, kaltetuak Euskal Herriko herritar guztiak direla azpimarratu du Ortiz de Zaratek. «Herritarren gehiengoak ez du trena erabiliko, jende finarentzat eginiko trena da. Eta gainera, ez da jasangarria».
Emma Muro
Otogoieneko kontzejuko kidea
«Azaldu behar diegu ezin dituztela egitasmoak inposatu»
Nazkatuta dago Otogoien herriko bizilagun Emma Muro. Garraio eta Herri Lan sailburu Nuria Lopez de Gereñuren adierazpenak entzuten dituen bakoitzean sumintzen dela esan du. «Sailburuak esaten duenean era guztietako azalpenak eman dizkigutela eta kontzeju guztiok informazioa dugula, harrituta geratzen naiz. Gezurra da, ez dugu inolako informazioa jaso, esku artean ditugun datu guztiak Gasteizko Kontzejuen Elkarteak eta Araban AHTrik Ez plataformak eman dizkigutenak dira».
Horren aurrean, biharko bozketaren balioa aldarrikatu du. «Erakutsi nahi diegu ezin dutela halako egitasmoa inposatu, guri ezer galdetu gabe, ez da bidezkoa. Presio modu gisa balioko du».