Arabako administrazio nagusiek auzitara eraman dituzte 1976ko martxoaren 3ko gertakariak. Orduko gertakariak argitzeko eskatu dute, eta "gizateriaren aurkako krimenetatik eratorritako erantzukizun penalak eta bestelakoak" zehazteko. Bi kereila kriminal aurkeztu dituzte, helburu horrekin: Gasteizko Udalak aurkeztu du bat; eta bigarrena Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Batzar Nagusiek modu bateratuan egin dute.
Aipatu administrazioek martxoaren 3ko gertaerak auzitegietara eramateko asmoa berretsia zuten. Gasteizko Udalak testu bat onetsi zuen 2016ko martxoaren 18ko ohiko bilkuran. Horren bitartez onartu zuten: “Espainiako epaitegietan ekintza judizialei hasiera ematea, gertakariak argitu ahal izateko eta dagozkien erantzukizun penalak eta bestelakoak eskatzeko, frankismoaren diktadurak gizateriaren aurka egindako krimenei buruz, 1976ko martxoaren 3ko sarraskia barne”.
Arabako Batzar Nagusiek, berriz, testu bera onartu zuten 2016ko apirilaren 27ko osoko bilkuran. Arabako Foru Aldundiak, azkenik, eskaera hori berretsi zuen 2016ko ekainaren 7ko Diputatuen Kontseiluan.