politika

Arabako Aldundiak ez ditu kenduko ETAren aurkako kartelak

Batzar Nagusietako gehiengoak 'Bakea behar dugu. ETA ez' dioten kartelak erretiratzeko eskatu zion PPren gobernuari. Honek dio erakundea oraindik ez dela desegin. 

2012ko urtarrilaren 26a
17:11
Entzun

Arabako Batzar Nagusien eskaerari muzin egin, eta Foru Aldundiak ez ditu bere eraikinetatik Bakea behar dugu. ETA ez dioten kartelak kenduko. EBk aurkeztu zuen mozioa astelehenean, eta EAJk eta Bilduk ere alde bozkatu zuten. Gehiengoak egin zuen alde, beraz. Aldundiak (PP) ez die jaramonik egin; ez zegoen behartuta erabakia betetzera. 1997tik daude kartelok Aldundiaren eraikinetan.

Javier de Andres ahaldun nagusiak esan du ETAk jarduera armatua bukatu duen arren, oraindik ez dela desegin.

PPk eta PSE-EEk kontrako botoa eman zuten Batzar Nagusietan. PSE, dena dela, prest zegoen Bakea behar dugu kartela erretiratzeko proposamena bozkatzeko. De Andresek dio kartel horiek erretiratzea azter daitekeela.

"Normalizazio politikorantz joateko eta benetako bakea egonkortzeko keinuak ere beharrezkoak dira", zioen EBren mozioak.

Gasteizko udaletxean ere badira kartelok, eta Udala ez dago prest kentzeko, Diputazioaren arrazoi beragatik.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak kendu zituzten, kasu: aurrenak urriaren 27an eta bigarrenak azaroaren 22an. ETAk urriaren 20an jakinarazi zuen borroka armatua behin betiko bukatu duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.