Eusko Jaurlaritzako gobernu bileraren ostean, agerraldia egin dute gaur Bingen Zupiria gobernuko eledunak, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eta Idoia Mendia Lan sailburuak. Sagarduik txertaketa kanpainaren inguruko hainbat datu eman ditu: jakinarazi du orain artean 147.219 pertsonak hartu dituztela COVID-19aren aurkako txertoaren bi dosiak, hau da, %6,69k. Lehen dosia, berriz, 412.658 herritarrek hartu dute, ia %18,75ek. Gainera, 80 urtetik gorako herritar denek jaso dute txertoaren lehen dosia (etxetik irten ezinda daudenek salbu). Sagarduik azaldu du atzo Pfizerren 70.212 dosi jaso zituztela, eta gaur AstraZenecaren beste 6.000 iritsiko direla. Gainera, bihar dosi bakarreko Janssen txertoaren lehen 6.850 dosi jasoko ditu Jaurlaritzak.
Aste honetan jasotako txertoen dosiekin, txertaketa kanpainarekin jarraituko du Osakidetzak, hau da, arrisku handiko pertsonak, 70-79 urte bitartekoak eta 60-69 urte bitartekoak txertatzen. Halaber, bigarren dosiak jartzen segituko du Osakidetzak, baina Sagarduik azaldu du oraindik ez dutela erabaki AstraZenecaren lehen dosia hartu duten 60 urtetik beherakoekin zer egin. Hiru aukera daude mahai gainean: AstraZenecaren bigarren dosia ematea, bigarren dosirik ez ematea, edo beste botika etxe bateko txertoaren dosi bat jartzea. Espainiako Lurralde arteko Osasun Kontseiluan hartuko da erabakia.