Claudia Venceslao eta Luis Maria Salgado Arabako EH Bilduko batzarkideek egoitza zentroak hitzartzeko foru arauaren zirriborroa aurkeztu dute gaur goizean Arabako Batzar Nagusietan. Arau horren xede nagusia da egoiliarrei eta zentro horietan lan egiten duten profesionalei arreta emateko baldintzak hobetzea, batzarkideek azaldu dutenez. Datozen asteetan eragile sozialei eta sektoreko sindikatuei aurkeztuko diete proposamena, eta irailean erregistratuko dute Batzar Nagusietan.
Venceslaok eta Salgadok azaldu dutenez, arau hori tresna bat izango da «funtzionamendu esparru komun bat ezartzeko» erakunde publikoekin lankidetzan aritu nahi duten egoitza pribatuentzat. Izan ere, lan eta arreta baldintzak «homogeneizatzeko» eta baliabide publikoak jasotzen dituzten egoitzekin parekatzeko modua egingo du, batzarkideen esanetan.
Egoitza zentroetako baldintzak hobetzeko neurri zehatzak jasotzen ditu EH Bilduk landutako foru arauak. Osasun arretari dagokionez, EH Bilduk egoiliarren medikazioaren prestakuntza arautzea nahi du, eta, horretarako, proposatu du erizainen esku geratzea egoiliarren jarraibide medikua, eta ez erizain laguntzaileen esku. Horrekin batera, osasun kontsultetara laguntzeko protokolo bat sortzea jaso du EH Bilduk foru arauan: hala, egoiliarrek gizarte edo familia babesik ez dutenean, profesional baten esku geratuko da ardura hori hartzea. Halaber, gizarte arretan eta arlo soziokulturalean aldaketak egitea proposatu du EH Bilduk, eta, besteak beste, arreta psikologikoa hobetzeko neurriak jaso ditu proposamenean, diagnostikoa, erabiltzaileen ebaluazioa eta tratamenduen plangintza barne hartuta. Giza baliabideen alorra ere indartu nahi du EH Bilduk, besteak beste, erizaintzako arreta astelehenetik igandera bermatuz.