Amais Infante Arabako EH Bilduko hautagaiak Ertzaintzaren mehatxuak eta jazarpena jaso izana salatu du koalizioak Arabako Hauteskunde Batzordean, parte sartuta. Ertzain batek pistolarekin burura apuntatu zuela jakinarazi du Infantek.
EH Bilduk oso larritzat jo du gertaera, eta Idoia Mendia Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuari erantzuleei kargu har diezaiela eskatu dio. Era berean, Ertzaintzaren jazarpena amaitzeko exijitu dio.
Herenegun izan zen gertaera, Infante EH Bilduren Laudioko ekitaldi batera zihoala Gasteiztik. Koalizioaren kanpainako auto batean abiatu zen eta, Altubeko atseden lekuan une batez geratu zenean, ertzain batek pistolarekin burura apuntatu zion, hautagaiak salaketan dioenez. "Hasieran pentsatu nuen broma bat zela baina, buelta eman nuenean bi ertzain ikusi nituen, eta orduan pistola ezkutatu egin zuten".
Ondoren galdeketa bat egin zioten, eskuak autoaren gainean jarrarazita. Autoa eta bera miatzeko "mehatxu" egin ostean, alde egin zuten, hautagaiaren arabera. "Haien asmoa ni —eta, beraz, EH Bildurekin lotutako pertsona denak— beldurtzea eta umiliatzea zen".