Bihar Araban debeku erdiko ehiza sasoia hasiko bada ere, grebari eutsi egingo diote ACCA Arabako Ehiza Barrutietako Elkarteko beharginek. Hamahiru hilabete dira protestari ekin ziotela, eta oraindik aski motibo ikusten dituzte lehengoan jarraitzeko. Atzo agerraldia egin zuten ELAko ordezkariekin beren lan gatazkaren berri emateko. Aditzera eman zuten hainbat langile motiborik gabe kanpora bota dituela elkarteak, eta ondoren diru kopuru handia xahutu duela horien kalte-ordainak ordaintzen: «Kaleratzeekin xahutu duten dirua baino gutxiagorekin konponduta legoke lan gatazka».Lan itunik gabe daudela gogorarazi dute, eta lan baldintza hobeak dituztela xede.
Elkarteak, grebaren ondorioz, eskaini beharreko zerbitzuak ematen ez baditu ere, diru laguntza publikoak jasotzen jarraitzen duela salatu dute. «Ikaragarria da zer pasibotasunekin jarraitzen den laguntzak ematen». Grebaren ondorioz isileko ehiztarien jarduna ugaritzen ari dela ohartarazi dute, behar adinako kontrolik ez dagoelako.
Irailaren 12ra arte
Debeku erdiko ehiza sasoia bihar hasi eta irailaren 12ra arte egingo da Araban. Diputazioak gogora ekarri du ehiza barruti bakoitzak bere zaindariak eduki behar dituela. Nolanahi ere, bere kontrolerako baliabideak ere martxan jarriko dituela ohartarazi du. Datozen asteotan azeriak, galeperrak, tortolak, usoak, mikak, bele txikiak eta belamikak ehizatzeko aukera izango da.
Arabako ehiza barrutietako langileak, greban
Igandean hasiko da debeku erdiko sasoia, baina langileek 13 hilabeteotako borrokari eusteko asmoa dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu