Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiek jakinarazi dute zahar etxeetako hamar langilek positibo eman dutela PCR proban, bik Araban eta zortzik Gipuzkoan. Zahar etxe horietako gainerako langileei eta egoiliarrei ere egin dizkiete testak, eta, oraingoz, negatibo eman dute denek. Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak adierazi du zahar etxeen egoera «kontrolpean» dagoela.
Eusko Jaurlaritzak, uztailaren 18an, murriztu egin zituen zahar etxeetako bisitak, egoiliarren eta langileen osasuna babeste aldera, baina hainbat familia kexu agertu dira. Diputatu nagusiak gogorarazi du azken egunetan malgutu egin dituztela neurri horiek, gaur egun bi bisita izan baititzakete egoiliarrek. Lehentasuna betiere kolektiborik «zaurgarrienetako» bat babestea dela nabarmendu du Gonzalezek.