Marian Olabarrieta Arabako Gizarte Zerbitzuetako diputatuak berretsi ditu Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak atzo esandakoak. Olabarrietak aitortu du Bideberria adingabeen zentroan dauden lekuak baino erabiltzaile gehiago daudela, eta datorren astean hamabost leku gehiago prestatuko dituztela, eskariari erantzuteko. Halaber, gaineratu du martxan dagoela adin txikikoak artatzeko sistemaren ikerketa tekniko bat. Oviedoko Unibertsitateko Familia eta Haurtzaroaren ikerketa taldea egiten ari da.
Bideberria zentroko langileek fiskaltzara jo zuten irailaren 13an, bertan zeuden adin txikikoen egoera salatzeko. Zentroak lehen arreta eskaintzen die familia urrun duten adingabe atzerritarrei, gero beste baliabide batzuetara joan daitezen. Ordea, azken hilabeteetan, zentroak har ditzakeen baino adingabe gehiago ditu. Langileek hori salatu zuten, eta Olabarrietak argudiatu du zaila dela “egun batetik bestera” leku gehiago prestatzea.
Olabarrietak azaldu du egoera abuztu erdialdean antzematen hasi zela. Ordea, Bideberriako pilaketa bertan baino ez dela gertatzen gaineratu du. Hau da, pilaketa hori ez da gertatzen Arabako Foru Aldundiak dituen adingabeentzako beste baliabideetan.