Baliabide eskasiagatik, gero eta zailagoa da landako herri txikietan bizitzea. Ondorio hori atera dute AKE Arabako Kontzeju Elkarteak, EH Bilduk eta Arabako Foru Aldundiak, Arabako landa despopulazioaren inguruko lanean. Azaldu dute etorkizuneko estrategia garrantzitsuenak landa eremuetan enplegua sortzea eta etxebizitzak eskuragarri jartzea direla. “Enplegua giltzarria da herrietako biztanleria finkatzeko”. Horretarako, enpresen elkarlana proposatu dute, gertuko herrietako langileak kontrata ditzaten. Bestalde, hirigintza diseinua landara egokitzeko beharra nabarmendu dute, “hirietakoa baino malguagoa” izan dadin. Gaur egun, eraikin asko hutsik daude, eraberritzeko beharrarekin, baina oso garestia dela ohartarazi dute.
Azterketan ateratako datuek egiaztatu dute Arabako herrietan heriotza tasa altuagoa dela jaiotza tasa baino. Gainera, landaguneko biztanleria zaharra denez, ez da haur gehiago jaiotzen. Herritik hirira joateko dagoen joera ere aipatu dute. AKEko presidenteak azaldu du “hiriko zerbitzu berberak” espero dituztela landara bizitzera joaten direnek, eta hala ez dela ikusita, bizpahiru urteren ostean alde egiten dutela. “Herrian bizitzeak beste abantaila batzuk ditu, eta publizitate kanpainekin helarazi behar da hori”.
Herrietan agertzen diren kezka eta proposamenak erdigunean jarri behar direla azpimarratu dute: “Neurriak behetik gora hartu behar dira”. Despopulazioari aurre egiteko, herrietan bertan eguneroko bizimodua ahalbidetu behar dela ikusi dute. Hurrengo pausoa izango da landagunean hezkuntza eskuragarri jartzea, eta garraio publikoaren bidez Arabako herriak lotzea. Laguntza ekonomiko eta juridikoak ezinbestekoak izango dira, herrietan garatzen diren landa jarduera eta jarduera soziokulturalak bultzatzeko.