Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak, Ignacio Ellacuria Gizarte Guneak eta Pluralismo y Convivencia fundazioak gutxiengoen erlijioen egoera aztertu dute Pluralidades Latentes azterlanean. Bi urteko lanaren emaitza da goizean Bilbon aurkeztu duten argitalpen hori. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden gutxiengo erlijioen elkarteetako buruak elkarrizketatu dituzte, besteak beste, eta horien kontaketa egin dute. Orotara, 214 egoitza zenbatu dituzte. Kristau ebanjelikoak dira nagusi, 96 egoitzarekin. Atzetik agertzen dira zerrendan Jehovaren Lekukoak, musulmanak, budistak, kristau ortodoxoak eta Adventistak, hurrenez hurren.
Hiru elkarte horietako eta Deustuko Unibertsitateko Teologia Fakultateko irakasleek parte hartu dute. Orotara, hamabi ikerlari aritu dira: teologoak, filosofoak, juristak, antropologoak eta soziologoak."Erlijio katolikoa hegemonikoa zen lehen, eta gehiengoaren erlijio bihurtu da azken hamarkadetan. Gaur egun, fede errealitate berria dugu, eta betirako halakoa izango da", azaldu du Pedro Arrupe institutuko zuzendariak. Azterlan honek, kontaketa egiteaz gain, komunitate horien jatorria eta bilakaera ere gainbegiratu du, egungo egoerari testuingurua sortzeko asmoz.
Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu du ikerketa, eta Idoia Mendia Justizia sailburuak ere parte hartu du aurkezpenean. Haren esanetan, aniztasun hori azkenaldian arazoekin lotu izan da. "Espazio publikoetan erlijio ikurrak jartzeko debekua, eskoletako menua, erlijio irakaskuntza eskoletan... Beti kontu ezkorrekin lotzen dugu. Jaurlaritzak gizarte eskaera honi konponbide bat eman nahi dio, jakin baitakigu giza eskubide sentikorrenetako batez ari garela". Jaurlaritza Pluralismo y Convivencia Espainiako fundazioko kide bihurtu dela iragarri du, eta oraingoz ez dutela erlijio gaietarako zuzendaritzarik sortzeko asmorik gaineratu du.
Euskal herria
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gutxiengoen erlijioek 214 egoitza dituzte
Kristau ebanjelikoak dira nagusi, 96 egoitzarekin. Atzetik agertzen dira zerrendan Jehovaren Lekukoak, musulmanak, budistak, kristau ortodoxoak eta Adventistak, hurrenez hurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu