Araban egoera politiko eta sozial berria sortu nahi dute EAk eta ezker abertzaleak

Herrialdean elkarlanean aritzeko sinatutako akordio estrategikoa bestelako eragileei zabalduko diete

Arabako EAren eta ezker abertzalearen agerraldia, atzo, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2010eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Araban aldaketa politiko eta soziala gauzatuko bada, indar abertzale, independentista, ezkertiar eta aurrerakoien arteko elkarlanetik etorriko dela uste dute EAk eta ezker abertzaleak. Hargatik,indar metaketa horretan lehen urratsa egin dute bi alderdiok, Pausoz Pauso-Arabako aldaketa politiko eta sozialerako pausoak izeneko hitzarmenarekin. Joan den ekainaren 20an Euskalduna Jauregian euskal estatua sortzeari begira bi alderdiok sinatutako akordioa oinarri hartuta, Araban ere «etorkizuneko itxaropenei bide ematea» lehentasun politikotzat hartu dute EAk eta ezker abertzaleak. Arabarako egindako hitzarmenaren berri eman dute ezker abertzaleko Aitor Bezaresek eta EAko Fernando Velascok, Gasteizen, bi aldeetako hogei bat ordezkarirekin batera.

Euskal Herrian garrantzi handiko aldaketa sakonak gertatzen ari diren unean, Araban hainbat indar politikok «immobilismoari» eta egungo esparru juridikoari eutsi nahian dabiltzala salatu dute. Horren aurrean, premiazkotzat jo dute sektore politiko, sindikal eta sozial guztien arteko indarrak batzea, «aldaketa dinamika berria garatuko duen esparru politiko eta soziala egituratzeko». Areago, EA eta ezker abertzalea sinetsita daude Pausoz pauso akordioak Arabako egoera instituzionala «fosiltzeko» asmoak indargabetuko dituela, eta herrialdeko abagune politikoa «biziberrituko» duela.

Hori horrela, Arabako beste sektore abertzale, independentista, ezkertiar eta aurrerakoiekin aliantzak bilatzeko konpromisoa hartu dute sinatzaileek. Iragarri dute datozen egunetan Arabako egoera politikoa eta soziala aldatzeko prest dauden hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalekin biltzeari ekingo diotela, akordioaren edukia aurkezteko.

Herrialderako eredu sozial eta politiko berria sortzeko proposamen zehatzak bildu dituzte hitzarmenean; besteak beste, hizkuntz politika, hezkuntza, lurralde antolaketa, ingurumena, hezkuntza edota zerga politikari dagozkionak. Esaterako, Trebiñuko auzia konpontzeko, trebiñarren erabakia errespetatzea proposatu dute, eta Araban euskararen erabateko normalizazioa egon dadin hizkuntza politikan «aldaketa sakona» bultzatuko dutela diote. Gainera, herrialdeko udalak eta kontzejuak indartze aldera, egitura instituzionalaren inguruan eztabaida eta proposamenak bultzatzeko konpromisoa hartu dute, bai eta Arabako lehen sektorearen garapen iraunkorraren alde lan egiteko ere.

Hauteskundeetatik harago doan akordioa dela azaldudute Bezaresek eta Velascok. Areago, Bezaresek azaldu du eurek 2011ko udal eta foru hauteskundeetan alderdi propioarekin aurkeztu ahal izateko ari direla lanean, eta EArentzat botoa eskatuko dutela ukatu du. Hala ere, alderdi horrekin koalizioa osatzeko «ateak irekita» dituztela esan du. «Unea iristen denean zer gerta daitekeen» ikusi beharko dela erantsi du Velascok.

Hamaikabat, kritiko

EAren eta ezker abertzalearen arteko elkarlanaren aurka azaldu da Hamaikabat (H1!). Joxan Rekondo Gipuzkoako Batzar Nagusietarako zerrendaburuak esan du ez dela berria EAk «Batasunaren barruan integratzeko» duen asmoa. «ENAMek EA abduzitu» duela uste du Rekondok, eta dagoeneko EAren «abertzaletasun kontsekuentetik, koherentzia demokratikotik eta izaera sozialetik» soilik H1! geratzen dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.