Saihestezina da gaurko bozak apirilaren 28koekin alderatzea. Sei hilabete besterik ez dira iragan, eta Hegoaldean herritarrak berriro daude gaur bozkatzera deituta. Arratsaldera arteko parte hartze datuen arabera, ordea, orduan baino jende gutxiago joan da gaur botoa ematera. Joera orokorra da Espainian eta Katalunian, eta baita Euskal Herrian ere. Araba da salbuespena. Apirilean parte hartze txikiena izan zuen Euskal Herriko herrialdea izan zen, baina gaur parte hartze hori igo duen bakarra izan da. 14:00etarako puntu bat igo da parte hartzea Araban, baina 18:00etarako 3,3 puntukoa zen igoera.
Bizkaian, berriz, kontrakoa gertatu da. Goizeko datuetan parte hartzearen jaitsiera puntu eta erdira iristen ez bazen ere, arratsaldeko datuetan oso nabarmena izan da joera. 18:00etarakok bizkaitarren %58,77k eman du botoa, duela zazpi hilabete baino 4,57 puntu gutxiago. Nafarroan eta Gipuzkoan ere parte hartzea ez da iritsi apirilean bezala %60era. Hurrenez hurren, duela zazpi hilabetekoa %60,89koa eta %60,03koa izan zen; gaur, berriz, 18:00ak arte %56,46koa eta %56,81ekoa. Alegia, Nafarroan 4,43 puntu jaitsi da eta Gipuzkoan, 3,22.
Katalunian eta Espainian ere jaitsi egin da
Espainiako Gorteetako Hauteskundeetako joera orokorra izan da parte hartzea txikitzea. Katalunian ere antzekoa gertatu da, eta 4,32 puntu jaitsi da. %64,2tik %59,88ra. Espainian hiru puntu eta erdi pasatxo jaitsi da; berdintsu, beraz. Apirilean %60,74 herritarrek botoa emana zuten 18:00etarako, eta gaur, %56,86 ziren lana egina zutenak.