Aldeko sei botorekin eta hiru abstentziorekin onartu dute Trebiñu Araban sartzeko mozioa. Aldeko botoa eman dute Bilduk, EAJk eta lau zinegotzi independenteek. Argantzunen ere mozioa onartu dute, baina kasu horretan bost zinegotzi independenteen aldeko botoarekin eta PPren abstentzioarekin lortu dute.
Egun seinalatua da gaurkoa Trebiñuko konderrian. Gaur hamalau urte, herri galdeketa egin zuten, Araban integratu nahi zuten erabakitzeko. Aldekoek irabazi zuten, botoen %68rekin, baina Gaztela eta Leongo Gobernuak bertan behera utzi zuen galdeketa, nahiz eta parte hartzea %76,6koa izan.
Gaur, berriz, Trebiñuko eta Argantzungo udalek Araban sartzeko mozioak bozkatuko dituzte. 12:00etan bozkatu dute mozioa Trebiñun, eta 14:00etan Argantzunen. Onartutako testua Gaztela eta Leongo Gobernura eta aldundira bidaliko dute, prozesua abiatzeko.
"Trebiñuren gehiengoaren nahia betetzea eskatzen dugu", esan du Ignacio Portilla Trebiñuko Udaleko alkateak, eta argudiatu du Burgosen egoteak sortzen dituen arazoak agerikoak direla, "batez ere zerbitzu publikoetan". Gaineratu du espero duela haien egoera amaitzea, eta bestela "neurriak" hartuko dituela ohartarazi du.
Cesar Rico Burgosko Diputazioko presidenteak, berriz, esan du "oso zaila" dela banatzea, eta harekin bat egin du Alfonso Fernandez Mañuedo Gaztela eta Leongo PPko idazkari nagusiak; legedia betetzeko eskatu du horrek. PSOEko buruak zuzenean "denbora ez galtzeko" eskatu du, "ezin delako eta ez delako posible".
Udalbiltzako presidente Mertxe Aizpurua Trebiñun izan da gaur goizean. Esan du udalari "babesa adieraztera" joan dela erakundea.