Legediak ezarritako tramiteak abiatuko ditu Ignacio Portilla Trebiñuko alkateak —independentea—, Burgosen (Espainia) parte izateari utzi eta Arabarekin bat egiteko. Portillak espero du udalbatzak bi hilabete inguru barru proposamen bat onartzea aurrena eta, ondoren, akordio hori Burgosko eta Arabako diputazioei, Gaztela eta Leongo Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari helaraztea.
Cesar Ricok Portillari erantzun dio "zail" ikusten duela bere eskaerak aurrera egitea, eta ohartarazi dio adierazpen politiko ugari daudela Trebiñu Arabaren parte izatearen aurka. Gainera, oroitarazi du Gaztela eta Leongo autonomia estatutuak "blindatzen" duela Trebiñuk erkide horretan jarraitzea.
Portillak azaldu du udalak duela urte batzuk hasi zituela Burgostik banatzeko tramiteak, eta kritikatu du aukera horren aurka egindako txostenak "panfleto politikoak" zirela. Gainera, nabarmendu du Arabarekin bat egin nahi izateko arrazoiak "praktikoak" direla; adibide gisara, aipatu du konterriko bost haurretatik bakarra geratzen dela Trebiñun ikasten, beste laurek Araban egiten baitituzte ikasketak.