Nabil al-Arabi Arabiar Ligako idazkari nagusiak Egipto zoriondu du. Haren ustez, Mursi kargutik kendu eta Adli Mansur behin-behineko presidente izendatu izana "lorpen historikoa" izan da: "Herri egiptoarrak berriz erakutsi du bere burujabetzaren eta botere iturriaren jabe dela, urtarrilaren 25eko iraultzaren irizpideei jarraiki eta askatasunaren, justizia sozialaren eta benetako demokraziaren bilaketan".
Mena berri agentziari bidalitako ohar batean honako adierazpen hauek egin ditu: "Benetako demokrazia parte hartze politikoan oinarritzen dena da, inor baztertu edota diskriminatu gabe: herriaren borondateari kasu egin behar dio beti, bortxakeriatik urrunduz eta giza eskubideak eta legearen subiranotasuna errespetatuz". Horrez gain, idazkari nagusiak Egiptoko armadari eskerrak eman dizkio "herritarren alde" jartzeagatik eta "aberriaren interesak" lehentasuntzat hartu izanagatik. Aldi berean, Mansurrekin fidatzen dela adierazi du, eta zorionak eman dizkio.
Nazioarteko komunitateari, berriz, Egiptoren "testuingurua ulertzeko" eta agintari zein herrialde egiptoarrari laguntza eskaintzeko eskatu die. Mansurrek, berriz, boterea "behin-behinean eta ohore handiz" hartzen duela adierazi du, eta "etorkizun hurbil" batean hauteskundeetara deitu arte.