Araitz hil da, Sanfilipporen sindromea zuten hiru anai-arreben artean zaharrena

Neskatoaren ama gaixotasuna ikertzeko dohaintza kanpaina publiko baten bultzatzaile nagusia izan da azken urteotan.

Naiara Garcia de Andoin gaitza duten bere hiru seme-alabekin. Artxiboko irudia. MONIKA DEL VALLE/ FOKU
unai etxenausia
2021eko abuztuaren 6a
16:01
Entzun

Hamabost urteko Araitz neskatoak Sanfiliporen sindromea zuen, bi anai-arreba gazteek bezala: Xonek (12 urte) eta Unaik (10 urte). Neskatoa gaur hil da, Bilboko bere etxean, gaixotasun horregatik. Araitzek okerrera egin zuen azken hilabetean, haurren alzheimerra esaten zaion gaixotasun neurodegeneratibo horren ondorioz; izan ere, aldaerarik oldarkorrenean, narriadura kognitibo eta fisikoa eragiten die umeei. Nerabezaroan hiltzen dira, ezinbestean.

Hiru haur horien ama, Naiara Garcia de Andoin, gaixotasuna ikertzeko dohaintza kanpaina publiko baten bultzatzaile nagusia izan da azken urteotan, pandemiak jarduna eten zion arte. Amak alabaren heriotzaren berri eman du sare sozialetan: «Araitzek Sanfilippotik libre hegan egitea eta atseden hartzea erabaki du».

Garcia de Andoinek, jendearen babesa eskertu, eta hauxe gehitu du: «Izan daitekeen alabarik onena izan da, eta azken arnasa hartu arte ez dio izateari utzi. Jose [aita] eta biok ondo gaude, lasai. Albisteak ez gaitu ustekabean harrapatu, baina irreala dirudi, amesgaizto bat. Ez dugu jendaurrean ezer egingo; asko egin dugu, eta badakigu maite gaituzuela eta minduta zaudetela».

Euskal Herrian kaltetutako familiak biltzen dituen elkarteko iturriek nabarmendu dutenez, neskatoaren familiak «indar eta ausardia handiz» egin dio aurre alabaren gaixotasunari azken hilabetean ere.

Araitzen anai-arrebez gain, Safilippo Euskadi elkarteak Bilboko beste neskato bat ere hartu du, Bizkaiko Foru Aldundiaren tutoretzapean dagoena; izan ere, elkarteko kide ziren beste hiru haurrak hil egin dira azken urteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.