35/02 SUMARIOA

Araizek salatu du 'herrikoen' defentsa eskubidea urratu dela

Bihar da amaitzekoa 35/02 auziko epaiketa. Defentsak atzo esan zuen ez zutela frogatu "militantzia bikoitzik" eta soilik HBkoa izanda ezin dela egotzi "erakunde terroristako kide" izatea. Kepa Landa abokatuak hasi du gaur saioa, zati ekonomikoarekin. Zuzeneko kontakizuna egin du Hodei Iruretagoiena kazetariak.

Auzipetuak eta abokatutak, epaitegiko sarreran. J. DANAE, ARP
Hodei Iruretagoiena
2014ko martxoaren 11
07:32
Entzun

Gaur hasi du Kepa Landa abokatuak herriko tabernei dagokien zatiaren defentsa. Elkarte horiek HBren jabetzakoak zirela izan zen fiskalaren argudioa haien aurkako neurriak eskatzeko. Iruinek esan bezala, HB bide penaletik epaitu ezin bada, ezin da haien aurka jo.

Perituen inpartzialtasuna auzitan jarriz ekin dio ondorioen irakurketari. "Perituak parte aktiboa izan dira, eta kontzienteki esan dute gezurra gainera", esan du Banaka SAren inguruko txostenei buruz. Halaber, nabarmendu du poliziek onartu dutela instrukzioan ez zutela ikertu herriko tabernarik banaka: "Instrukzioa porrota izan da, eta epaiketa ere bai".

Enpresen inguruan, galdera egin du Landak: "Poliziak ez al du ikertzen, beren hitzetan, komando bat baino arriskutsuagoa dena? ETAren finantzaketa osoa bada...".

Adolfo Araizek hartu du hitza hurrena, herriko tabernen defentsa egiteko: "Armak aurkitu dira herriko batean, beraz besteetan ere egon litezke', diote. Baina ez dute armarik aurkitu herriko batean ere". Halaber, salatu du finantzaketaren ordez, "babes logistikoa" egozten dietela orain herriko tabernei: "Defentsa eskubidea urratu da".

Akusazioa zehazgabetasunez aritu dela salatu du Araizek: "Herriko taberna ez da jabetza konkretu baten definizioa. Zer da bahitzeko eskatu dutena?".

Bihar da amaitzekoa ahozko epaiketa, saioa 09:00etan hasita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.