Hartu eta utzi. Horrela ari dira egitasmoaren sustatzaileak, Arabako instituzioetako arduradunak eta Espainiako Defentsa Ministerioa azken hilabeteetan. Dena den, datu argigarria eman du Antiak. «Azterketa sakona egiten hasi ginenean, Defentsa Ministerioarekin hitz egin genuen, eta Arakan egiteko esan ziguten». Antiaren ustez, erantzun horrek agerian uzten du denbora gutxian aldaketak helduko direla, Arakako base militarra orain arte bezala uzteak «ibilbide laburra» duelako.
Are gehiago, uda honetan mugimenduren bat gerta daitekeela aurreratu du Antiak. Ministerioarekin aurretik izandako harremanetan, udarako zerbait prest egon zitekeela jakinarazi zieten. Hau da, base militarrak hartzen dituen zazpi milioi metro koadroetatik zenbat utziko dituzten libre jakingo zela. Azken batean Defentsa Ministerioak ez du Arakako basea kentzeko asmorik, baizik eta egun hartzen duen eremua berregokitzekoa. Libre utzitako lur eremura egokituko lukete sustatzaileek egitasmoa.
Araka indarra galduz joan da, nahiz eta Defentsa Ministerioak esan duen Espainiako armadak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen tokirik garrantzitsuena izaten jarraituko duela. Soldadu-gaiak hezteko zentroa izateari utzi zionetik, militar asko galdu ditu. Defentsa Ministerioak, poliki-poliki, indarra kendu dio 2006. urtetik. Orduan, armada berrantolatzen hasi zenean, Arakako unitate militar zenbait beste toki batzuetara mugitu zituen. 2008ko abenduan egin zuten bigarren berrantolaketa, eta beste 600 militar Arakatik mugitzeko agindua eman zuen Ministerioak. 2009ko bukaeran, gudu orgako infanteria batailoi bat eta Kuartel Nagusia baino ez dira geldituko Arakan.
Militar kopurua jaisteaz gain, bertan egiten den lanak behera egin du. Forondako aireportua egin zenetik, artilleria saioak egitea debekatu zieten, eta Jaizkibelen egiten dituzte ordutik. Maniobrak ere Zaragozan edo Errioxan (Espainia) egiten dituztela jakinarazi du Defentsa Ministerioak.
Zirkuitua, oinarria
Motorraren Parkea Arakan egin nahi izatea erraz azaltzen du Iñigo Antiak: «Ez dago Europan horren toki egokirik: garraioak, industria...». Arakako mendiaren hegoaldean Gasteiz egoteaz aparte, iparraldean Miñaoko Teknologia Parkea dago. Besteak beste, Epsilon-Euskadi enpresa dago parke horretan. Horrez gain, Araban autogintzarekin lotutako enpresa asko dago, eta inguruko ekonomiarentzat pizgarri handia litzateke. Hortaz, egitasmoaren oinarria zirkuitua da, Antiak azaldu duenez.
Gaur egun erkidego guztiek zirkuitu bat izatea bilatzen dute, Antiaren esanetan, eskaria oso handia delako. Egon daitezkeen lasterketez gain, gidatzeko ikastaro asko egiten dira -suhiltzaileek, anbulantzien gidariek, poliziek...-, eta autogintzan lan egiten duten enpresek ere zirkuituak behar dituzte saioak egiteko.
Motorraren Gunea deitutakoan egongo litzateke nazioarteko lasterketak hartzeko moduko 4.557 metroko zirkuitua. Autokros, motokros eta beste hainbat pista egongo lirateke 215 hektareako toki horretan. Bide hezkuntza lantzeko gunea ere izango luke. Gune horrek 362 hektarea izango lituzke, eta astialdirako guneak edukiko lituzke: oinezkoentzako zirkuituak, kanpalekua, abentura jolasak... Zerbitzu eta merkataritza gunea litzateke beste gune bat. 94 hektarea hartuko lituzke, eta mota guztietako zerbitzuak izango lituzke, hasierako egitasmoaren arabera: jolas parkea, kirol teknifikazio zentroa, hotela...
Egitasmoaren lehen marrazkian gune horiek guztiak agertzen diren arren, Antiak argitu du egoeraren arabera moldatuko dela. Hau da, hiriak dagoeneko prest duen egitasmoren batekin talka egingo balu, Arako proiektuetako batek edo bestek, hura kentzeko aukera izango lukete instituzioetako teknikariek. Horrez gain, kontuan hartu behar da zer lur eremu dagoen. Defentsa Ministerioak erabaki beharko du zer eremu uzten duen, eta egitasmoak eremu horretara egokitu beharko du. Betiere, zirkuituari lehentasuna emanez.
Betidanik, gune desiratua
Araka mendiari lotu zaion azken egitasmoa da Motorraren Parkea, baina ez da lehena. Egitasmo askorentzako toki egokitzat hartu izan dute askok. Hiria handitu ahala, militarrek zuten gunea hazkundearekin jarraitzeko aparteko tokia zela ondorioztatu zuten hainbatek, bai zerbitzuak emateko, bai etxeak egiteko. Egitasmo guztiekin, arazo beraren kontra egin izan dute talka. Espainiako Defentsa Ministerioak ez ditu Arakako base militarreko lurrak utzi.
Azken hamarkada kontuan hartuta, Arakan egin nahi den hirugarren egitasmoa da Motorraren Parkea. Jose Angel Cuerda alkate ohiaren garaian heldu zen lehena. 1998. urtean, aztertu egin zen ingurumena ardatz nagusitzat zuen parke bat egitea. Bideragarritasun azterketa ere egin zen. Udal Gobernua 1999. urtean aldatu zen, eta Alfonso Alonso alkateak heldu zion egitasmoari, baina Biopolis egitasmoak ez zuen aurrera egin. 23.700 milioi pezetako inbertsioa behar zuen (142 milioi euro), eta Alfonso Alonsok ez zuen diru aski bildu. Horrez gain, negoziatzen aritu zen garai hartako, Espainiako Defentsa ministroarekin, Federico Trillorekin, eta ez zituen lurrak eskuratu.
Arakako base militarraren inguruko eztabaida berreskuratu zuen EAJk 2007. urtean. Naturarekin lotutako parkea beharrean, autoentzako zirkuitu baten inguruan egin zuen egitasmoa. Emilio Olabarria Espainiako Kongresuko EAJko parlamentariak hainbatetan galdetu zion Jose Antonio Alonso Espainiako Defentsa ministroari gaiaren inguruan, baina mugimendu guztiak hutsean gelditu ziren. Ageriko ikur politikorik ez duen Motorraren Parkearekin zer gertatuko den ikusteko dago orain.
700
Militarren basearen hektareak. Espainiako Defentsa Ministerioak Gasteiz eta Miñao artean duen base militarrak 7 milioi metro koadro hartzen ditu. Azken datuen arabera, 500 bat militar inguru daude bertan, haien artean mugikortasun handia dagoen arren.Arabako auto zirkuitu bakarra, zaharberritzear
Araban urte osoan irekita dagoen auto zirkuitu bakarra, Arkatzakoa (Mendiola), datorren urterako zaharberritu nahi du Gasteizko Udalak. Milioi bat euroko diru partida gorde zuen, 2008ko aurrekontuan, zaharberritzea egiteko, eta 1.500 metroko zirkuitua 2010erako prest egotea espero dute.Babesgabetuen poligonotik Arakara
1948Militarrak Arakan. Gasteizko Udalak Arakako 6.000 metro koadro erabiltzeko baiemena eman zion Gobernu Militarrari.
1964
Ideiaren hasiera. Gobernadore militarrak Arakan base militarra egiteko aukera aurkeztu zuen otsailaren 15ean.
Onarpena. Otsailaren 26an, Gasteizko Udalak lurrak eskuratu zituen, eta militarrei5 milioi pezetan saltzea adostu.
1966
Lurren desjabetzea. Espainiako Aldizkari Ofizialean desjabetzearen berri eman zen.
1969
Babesgabetuak uztea. Militarrek zerabilten gunea hiriak erosi zuen 46 milioi pezetan.
«Gasteizen 1 Formulako lasterketa bat egitearekin amestea ez da eromena, inondik inora ere»
JOSE BARREIRA
Circuito del Norte SMko presidentea
Arakako eremuaren lurren desjabetzearen %80 Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak ordaindu zutela salatu du Gasteizkoak talde antimilitaristak
Espainiako armadarentzat mauka izan daitekeen egitasmoa
J.R. GasteizMotorraren Parkea, enpresari batzuen ametsa, paper gainean dago jada. Ametsak ametsetako tokia du marrazki horretan, Araka mendia. Baina ametsa alde batera utzi, eta, errealitatea aztertuz gero, zalantzak agertzen dira. Lurren jabea da Espainiako Defentsa Ministerioa, eta lurrak uzteko prest al dago? Eta, lurrak utziz gero, lurrak eskuratzeko ordaindu egin beharko al luke Gasteizko Udalak? Gasteizkoak talde antimilitaristak galdera horri erantzun dio Araka y Desamparadas, historia de un expolio liburuan -Araka eta Babesgabetuak, indarrezko lapurreta baten historia-.
1960ko hamarkadan, Gasteizko Babesgabetuen poligonoa utzi eta Arakara dohainik mugitzeaz aparte, irabaziak izan zituzten militarrek. Hori frogatzeko aukera izan du Gasteizkoak talde antimilitaristak orduko agiri ofizialak aztertuta. Iñaki Ruiz de Pinedok, Gasteizko Udaleko Herri Batasuneko zinegotzi ohiak, gai horrekin lotutako dokumentazioa eman zien talde antimilitaristei, duela hainbat urte. Hor ikusi zuten, derrigorrezko lur desjabetzeen bitartez, militarrek 700 hektarea inguruko eremua eskuratu, eta irabaziak izan zituztela.
Gasteizko eta inguruko herriei kendu zizkieten Arakako 700 hektarea horiek, haienak baitziren gehienak. Hori gutxi balitz bezala, Arabako instituzioek ordaindu zituzten lurrak, hein handi batean. Arakako lurren derrigorrezko desjabetzea orduko 24 milioi pezetatan -144.000 euro- zehaztu zuten, eta Espainiako Armada Ministerioak jakinarazi zuen 5 milioi baino ez zituela ordainduko. Gainontzeko dirua Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak jarri zuten.
Udalak 14 milioi pezeta -84.000 euro- ordaindu zituen, eta Arabako Aldundiak 5 milioi pezeta. Aldundiak nahikoa diru ez zuela esan zuen hasieran, baina azkenean ordaindu egin zuen: 5 milioi pezeta dirutan, eta 9 milioi pezeta ur eta argindar kontsumoaren ordainketaren bitartez.
Bi aurpegiko operazioa
Arakako 700 hektarea horien truke 5 milioi pezeta bakarrik ordaintzeaz gain, are negozio biribilagoa egin zuen Armadaren Ministerioak. Arakara mugitzerakoan, Gasteizen lur eremu bat utzi zuten militarrek, Babesgabetuen poligonoan zituzten lurrak. Eremu hori doan eman zien Gasteizko Udalak, 1893. urtean, baina Arakara mugitu zirenean, udalari itzuli beharrean, saldu egin zioten.
Egoera urrunago doa, Gasteizkoak talde antimilitaristak liburuan azaltzen duenez. Hasieran, Gasteizko Udalak Arakako lurren derrigorrezko desjabetzearen bere zatia ordaintzeko dirurik ez zuenez, Armadaren Ministerioari proposamena egin zion. Dirua Babesgabetuen poligonoko lurren erosketaren bitartez ematea proposatu zion, lurren prezioa garestituz.
Babesgabetuen poligonoko lurrak ia 16 miloi pezetaraino garestitu ziren azkenean. Horrez gain, Arakako lurren derrigorrezko desjabetzearen ordainketan zegokion dirua ere ordaindu zuen. Hau da, Babesgabetuetan zituzten lurrak, 700 hektarearen eta 11 milioi pezetako irabazien truke aldatu zituzten militarrek.
Datu horiek eskuratu ondoren, Gasteizkoak taldeak argi du irtenbide bakarra Arakako lurrak Gasteizko eta Arabako gizarteari itzultzea dela, jatorrizko jabeari. Bertan egin nahi diren egitasmoen inguruko baloraziorik egin ez duten arren, Araka militarizatu zen garaiko agintari politikoak gogora ekarri dituzte. «Morroien moduko mendekotasuna» izan zutela kritikatu du Gasteizkoak taldeak, eta horrelakorik ez errepikatzea espero du.
Ohiko jokabidea
Gasteizkoak taldeak adierazi du Espainiako Defentsa Ministerioak azkenaldian saldu dituen lurren dirua Espainiako Indar Armatuak berritzeko erabili duela, eta, azken zazpi urteetan saldutako gune militarren bidez, 2.584 milioi euro eskuratu dituela. Defentsa Ministerioak, epe berean, arma berrien ikerketara eta garapenera bideratu duen aurrekontua da hori, edo 21 Eurofighter hegazkinak balio duena.