EAJk Aralarrekin, EArekin eta PPrekin bilerak egin ditu gaur Bilboko Sabin Etxean eta modu horretara, pasa den astean hasitako bilera errondari amaiera eman dio. Aralar eta EA "pozik" agertu dira bilera horren ostean, PPk, berriz, EAJren "zehaztasun eza" ez du gustura hartu. Krisi ekonomikoaren garai hauetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako "erakunde publikoetan egonkortasuna lortzeko eta ongizateari eusteko" asmoz ekin zion bilera sortari pasa den astean EAJk.
Aurreko astean PSE-EE, EB eta Alkarbiderekin (orain Hamaikabat) bildu zen EAJ. Jeltzaleek Batasunari edo EAE-ANVri ez diete bilera deirik egin.
Aralarrek adierazi du "pozik" daudela, EAJk zerga sistema berrikusteko asmoa azaldu duelako, "nahiz eta jeltzaleek ez duten zehaztu horretarako zein neurri erabiliko dituzten". Aralarrek lanpostuak suntsitzearen aurka borroka egiteko eta gizarte estaldurak handitzeko ere eskatu dio EAJri.
EA ere zerga sistemaren aldatzeko EAJren jarrerarekin gustura agertu da. Horrez gain, EAk gastu publikoari lehentasuna emateko eskatu du eta finantza krisiari aurre egiteko subiranotasunaren baliotasuna defendatu du.
Bestalde, PPk nabarmendu du bilerara EAJren proposamenak entzuteko asmoz joan dela, baina ez duela ezer entzun. Horrez gain, "Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Aldundietan aurrekontuak orain arte bezain txarrak" badira ez dutela hitzarmenik sinatuko ohartarazi dio EAJri PPk.
politika
Aralar eta EA "pozik" irten dira EAJrekin egindako bileratik
EAJk zerga sistema berrikusteko asmoa adierazi du eta jarrera hori ongi hartu dute EA eta Aralarrek. PPrekin ere bildu dira jeltzaleak. Modu horretara, pasa den astean alderdiekin hasitako bilera errondari amaiera eman dio EAJk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu