Eusko Legebiltzarreko batzorde batean saltoki-gune handietan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzen duen legea aldatzea onartu dute gaur, eta horrek Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkidearentzat frogatzen du euskara ez dela inposatzen den hizkuntza, PSEk-eta esaten duten moduan. "Are gehiago, inposatzen den hizkuntza bakarra gaztelania da".
Basaberen iritziz, legea aldatzeko sozialistek hartu duten erabakiaren atzean euskara ez sustatzeko xedea dago. "[Patxi Lopez] Lehendakariak berak behin eta berriz azpimarratu arren bere gobernuaren asmoa dela euskararen erabilera askatasunean sustatzea, behin eta berriro neurriak hartzen ari da hain justu euskaldunok euskara askatasunean aukeratzeko aukerarik izan ez dezagun”.
Aralarrek legebiltzarreko batzordean zuzenketak aurkeztu arren, ez dizkiote batere onartu. Merkataritza legearen aldaketa orain plenora pasatu da, han bozka dezaten.