PSNk estreinatu du Ikerketa Batzordearen emaitzei begira zer egin hitz egiteko bileren erronda. Geroa Baiko Patxi Leunza eta Manu Aierdirekin bildu da lehenengo, eta Ezkerrako Jose Miguel Nuin, Txema Mauleon eta Marisa de Simonekin gero. Biek ala biek zera baieztatu dute, PSN zentsura mozioaren aldekoa dela, hala esan adierazi dietela, baina Ferrazekin adostu behar dutela zer egin. Aierdik azaldu duenez, sozialistak kontziente dira egoerak ezin duela luze iraun. Ferrazen ere hauteskundeak aurreratzearen aldekoak direla esan diete, baina ez dutela hain argi ikusten zentsura mozioa aurkeztearena. Ostiralean, edo asko jota, astelehenean, jakinaraziko du PSNk zer egingo duen.
Ezkerrarekin ere bildu dira sozialistak. Nuinek hitz egin du bileraren ostean, eta gauza bera azpimarratu du: PSNk Ferrazekin hartuko duela erabakia, eta ez duela PSOEren babesa ez duen biderik hartuko.
Ohar baten bidez zabaldu duenez, PSN pozik dago gaurko bilerek emandakoarekin. Geroa Bai eta Ezkerra alderdiekin izandako bileretan "hauteskundeak aurreratzeko mekanismo politikoa artikulatzeko" PSNren konpromisoa "irmoa" da. "Egun hauetan hauteskundeak maiatzaren 25ean egiteko modua bilatuko dugu, alderdi federala garela ahaztu gabe, eta beraz, erabakiak elkarrekin hartzen ditugula".
Bihar, Aralar-NaBai eta PPrekin
Sozialistek larunbatean, zuzendaritzak egindako bileraren ondotik, esan zuen Nafarroako Parlamentuko oposizioko taldeekin —Bildurekin salbu— foru hauteskundeak aurreratzeko "beharrezko mekanismoak aztertzea eta gauzatzea" nahi duela. Gaur ekin dio bilera sortari, Geroa Bai eta Ezkerrarekin bilduz; biekin, parlamentuan.
Aralar-NaBai eta PPrekin ere bilduko da: bihar, 11:00etan eta 12:00etan. Etzi PSNren Nafarroako Batzordea batzartuko da, eta han erabakiko dute Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakariaren aurkako zentsura mozioa aurkeztuko duten ala ez. Legez, bere legebiltzarkideen botoez gain —bederatzi ditu—, gutxienez beste batena behar du. Geroa Baik bi parlamentari dauzka, Ezkerrak hiru, PPk lau, Aralar-NaBaik sei eta Bilduk zazpi. Zentsura mozioa onartzeko, 26 boto behar dira.