Aralarrek, EAk, Alternatiba eta ezker abertzaleak eta beste eragile batzuek Atxiloketa gehiago ez! Tortura amaitu! agiria aurkeztu izanak Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren haserrea eragin du, eta hura, batik bat, Aralarri, EAri eta Alternatibari zuzendu zaie. "Jendaurrean atzera egin beharko lukete. Ez da bidezkoa adierazpen hori. Biktimei irain egin diete, eta terroristei eta haiek babesten dituztenei zilegitasuna aitortu diete", esan du Aresek gaur goizean.
Aralarrek erantzun egin dio, Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusiaren izenean. "Poliziak bere lana egin behar du, baina eskubideak errespetatuta", adierazi du Zabaletak. Hala, inkomunikazioa eta torturak bukatzeko exijitu du Aralarrek. Zabaletak dio ez dutela onartuko Ares eurei azalpen eske ibiltzea.
Pello Urizar EAko idazkari nagusiak ere ihardetsi du, eta esan du "delitu bat" egiten duenak Justizia aurrean izan behar duela.
Guardia Zibilak asteartean ustezko lau kide atxilotu zituen Bilbon eta Galdakaon, eta inkomunikazioa ezarri diete. Haietako bat atzo bi aldiz eraman zuten erietxera: Daniel Pastor. Aralarrek esan du aipatutako agiria lehengo astean egin zutela, atxiloketak gertatu aurretik.