Politika

Aralar prest legoke bozetara ezker abertzaleko beste indar batzuekin joateko "soilik bide zibiletatik" arituz gero

Nolanahi ere, Euskal Autonomi Erkidegoan bakarrik aurkezteko prestatzen ari direla onartu du Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusiak. Etorkizunera begira bi esparru ikusten ditu abertzaletasunaren barruan: bat, zentro eskuineko eremua batuko duena, eta, bestea, "ezker abertzale anitza, zibila, politikoa eta eraginkorra". =iZutik Euskal Herria=i ebazpenaren bidez Batasunaren inguruko ezker abertzalea ideologikoki Aralarrera hurbildu dela iritzi dio.

2010eko otsailaren 22a
15:51
Entzun
Oraingoz orain, datozen udal hauteskundeetara Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bakarrik aurkezteko prestatzen ari da Aralar, baina baldintza zehatz batzuetan eta halako eskaintzarik jasoz gero, "ezker abertzaleko beste mugimendu" batzuekin bat egiteko aukera ez du baztertu Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusiak. "Guk esan duguna da EAEn Aralar gisa ari garela hauteskundeak prestatzen eta dagoeneko horretan ari gara. Baina beti dauzkagu besoak zabalik, beti gaude prest elkarketarako, baldin eta ezker abertzaleko mugimendu bat, politikoa, soilik bide zibiletatik ari dena hurbiltzen bazaigu", adierazi du Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan.

Nafarroan, berriz, hango egoera berezia dela aintzat hartuz, Nafarroa Bairen aldeko apostua egin nahi dute berriro.

Nolanahi ere, Zabaletak agertu du ez duela egoki ikusten indar abertzale guztiak hauteskunde eskaintza bakar baetan biltzea,gizarte edo ekonomia gaietan eta ezker-eskuin ikuspegietan dituzten aldeak kontuan hartu gabe. Ildo horretatik, etorkizunera begira abertzaletasunaren barruan bi mugimendu handi ikusten dituela esan du Zabaletak: batetik, zentro-eskuina batuko duena, eta, bestetik, ezkerreko abertzaleen bilgune zabala. "Ezker anitz bat, ezker demokratikoa beharko duena barruan. Inolako abangoardismoaik gabekoa, hots, XXI. mendean zaharkituak dauden joerarik gabekoa. Zibila, politikoa eta eraginkorra. Hori guztia egiten saiatzen ari da Aralar eta horretan jarraituko du".

Zehatzago, ezker abertzale horretan joera guztiak biltzea ezinbestekoa izango dela azpimarratu du Aralarreko buruak, "batez ere, ezker abertzalean beti egon diren ildoak: bat, Batasunak ordezkatzen duena, eta, bestea, Aralarrek ordezkatzen duena. Baina irekita baita ere EAkoei, etorri nahi badute".

Batasunaren inguruko ezker abertzalearen eztabaidaren ondorioak biltzen dituen Zutik Euskal Herria ebazpenean aurrerapausoak ikusi dituztela berretsi du Zabaletak; areago, ideologikoki Aralarrera hurbildu direla nabarmedu du. "Orain ari dira esaten guk aspaldian defendatzen ditugun ideia batzuk berenak ere egiten ari direla. Oraindikan falta zaizkie horietatik ondorio zuzenak ateratzea eta horretara animatu egiten ditugu". Ondorio zuzen hori ETAri jardun armatua utz dezala zuzenean eskatzea litzateke Zabaletaren aburuz.

Nolanahi ere, eztabaidaren ondoren Batasunaren inguruko ezker abertzalearekin ez dutela aurrez aurreko bilerarik izan azaldu du, baina prest daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.