Eguzki eta Landarlan elkarte ekologistek fiskaltzaren aurrean salatu dute Aralarko pisten bigarren proiektua. Ingurumen Fiskaltzarengana jo dute, proiektua legez kontrakoa delakoan. Enirio eta Igaratza lotu asmo dituen pista salatu dute. Aurretik, Intzesaotik Goroskintxura doan pista ere eraman dute auzitara. Pista hori 2016an egin zuten, baina auzia Tolosako epaitegian dago oraindik, eta auzipetuta daude Felix Asensio Gipuzkoako Ingurumen zuzendaria eta Arantxa Aristimuño Gipuzkoako Mendi zuzendaria. Enirio-Aralar mankomunitateak bigarren proiektuaren lanak hasi ditu orain.
Enirio eta Igaratza arteko mendi bide bat pista bihurtzea erabaki du mankomunitateak, eta neurri horri oniritzia eman diote Gipuzkoako aldundiak, nahiz eta, elkarte ekologistek nabarmendu dutenez, proiektuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailaren kontrako txostena jaso duen eta Gipuzkoako aldundiaren Kultura Zuzendaritzak ere "kezka handiak" agertu dituen. Elkarteek gaineratu dute proiektuak ez dituela aintzat hartu Gipuzkoako hainbat elkarte ekologistak, mendi elkartek eta udalek aurkeztu dituzten alegazioak; ezta Aranzadi zientzia elkarteak, Gipuzkoako Mendi Federazioak eta Quebrantahuesos fundazioak aurkeztu dituztenak ere. Mankomunitateak lanei ekin diela ikusita, Eguzkik eta Landarlanek fiskaltzara jotzea erabaki dute.
Elkarte ekologistek delitu ekologikoa eta lurralde antolaketaren kontrako delitua leporatu dizkiete proiektua onartu zuten Enirio-Aralar mankomunitateko ordezkariei eta Gipuzkoako aldundiko Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuari, Monica Pedreira Ingurumen zuzendari nagusiari eta Arantxa Aristimuño Mendi eta Ingurune Naturaleko zuzendari nagusiari. Horrez gain, prebarikazio delitua ere egotzi die arduradun horiei.
Salaketan argudiatu dutenez, Enirio eta Igaratza arteko pistaren proiektuak ingurumen ebaluazio legea urratu du, Aralarren egin asmo diren pistak hainbat proiektutan zatitu direlako. Elkarteen esanetan, batera aztertu behar zen Intzesaotik Goroskintxura arteko pistaren eta orain egiten hasi direnaren ingurumen eragina, eta ez zatika, egin den bezala.
Bestalde, elkarteek nabarmendu dute bigarren pistak helburu dituen txabolek badutela dagoeneko bide bat, eta larreen mantentzerako beharrezkoa den artzantza jardueraren etorkizuna ez dela bide berriaren menpeko.
Gaineratu dutenez, Gipuzkoako Mendi eta Ingurune Naturaleko Zuzendaritzak ez du inolako aipamenik egin Aralarren babestu beharreko espezieei buruz, elkarte ekologisten esanetan, proiektuak "babestutako 24 landare espezieri eta 60 animalia espezieri" kalte egingo dien arren.
Horrez gain, ziurtatu dute proiektuak Aralarreko Natur Baliabideen Antolaketa Plana ere urratzen duela. Salatzaileen arabera, pista berriaren %80 babestutako mendi lurretan egingo da, eta araudiak ez du baimentzen gisa horretako lanik.
Lanek Aralarko ondare arkeologikoan kalte konponezina eragingo dutela ere ohartarazi dute.
Eguzki eta Landarlanek ez dute uste Enirio-Aralar mankomunitateak proiektua bultzatzeko eta Gipuzkoako Aldundiak hura baimentzeko hartu dituzten erabakiak "ezjakintasunez" egin direnik. Aldiz, aldez aurretik hausnartutako plan baten ondorio direla adierazi dute, eta, horrenbestez, prebarikazioz jardun dutela.