politika

Aralarrek aitortu du ez duela bat egiten Independentistak sarearen estrategiarekin

Jon Abril koordinatzaileordeak dioenez, ez daude ados herri ekimenaren egituraketarekin ere. Aralarrek erabaki eskubideari buruzko gehiengoa eratzea du lehentasun. Atzo ez zuen parte hartu Iruñeko manifestazioan.

2010eko urriaren 13a
15:32
Entzun
Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak jakinarazi du bere alderdiak Independentistak sarean ez parte hartzea erabaki duela, Aralar ere Euskal Herriaren independentziaren aldekoa izan arren, herri ekimen haren aldean ikuspuntu derberdina duelako. "Ez dugu bat egiten Independentistak sarearen egituraketa moduarekin, ezta haren estrategiarekin ere". Abrilek dio lehenik ere behin erabaki eskubidearen inguruko gehiengoa eratu behar dela.

Herrien independentziaren aldeko manifestazioa egin zuten atzo Iruñean, Independentistak sareak deituta, eta ez zen Aralarreko ordezkaririk izan. Aurtengo Aberri Egun bateratua ere sare hark deitu zuen -Irun-Hendaiakoa-, eta Aralarrek ordezkaritza bidali zuen baina ez zen deitzaileetakoa izan.



Ezker abertzalea (Tasio Erkizia, Xanti Kiroga eta Txelui Moreno, esate batera) eta EA (Pello Urizar idazkari nagusia, Maiorga Ramirez Nafarroako koordinatzailea eta Koldo Amezketa alderdiko presidente ohia) izan ziren atzoko martxan. Paula Kasares Nafarroa Baiko parlamentari eta kide independenteak ere hartu zuen parte. Milaka lagun batu ziren.

Manifestazioko pankartak Independentistak! leloa izan zuen, eta Hego Amerikako eta Erdialdeko Amerikako jatorria duten euskal herritarrek eutsi zioten, ekimenaren sustatzaileekin batera. Hego Amerikako herriek independentzia lortu zuteneko 200. urteurrena dela gogoratu zuten antolatzaileek.

Independentistak sareak azaroaren 6an biltzarra egingo du, bilgunea bera gorpuzten joateko asmoz. Datozen egunetan esango dute non izango den biltzarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.