Aralarrek Hegoaldeko Batzarra berretsi egin du gaur Berriobeitin (Nafarroa) Bildu koalizioa osatzen duten aldeekin azaroaren 20an Espainiako presidentetzara elkarrekin aurkezteko lortu zuten aurreakordioa. Batzarkideen ia bi heren (%61,4) bozkatu du Bildurekin batera aurkezteaaren alde, BERRIA.INFOk baieztatu ahal izan duenez. Zehazki, 140 izan dira aldeko botoak eta 80 kontrakoak. Zazpi abstentzio eta boto zuri bat ere izan dira.
Aralarreko zuzendaritzak lehenago ere erabaki bera hartu zuen irailaren 17ko Batzar Nagusiaren ponentzia egiterakoan. Azken erabakia alderdiko kideek izango dute, hala ere, egun horretan, ponentzia onartu beharra dutelako. Gaurko batzarrean zuzendaritzak aurkeztutako txosten politikoari egindako zuzenketak eztabaidatu dituzte batzarkideek; "eztabaida anitza eta aberasgarria izan da", adierazi du Aralarrek ohar batean.
NaBaiko beste kideei irekita
Aralarreko koordinatzaile nagusiak, Patxi Zabaletak, bozketaren emaitzaren balorazio “oso positiboa" egin du. Hala ere, akordioaren edukia ezin dute publiko egin "gainontzeko indarrekin batera egin beharreko gaia delako”. Zabaletak, hala ere, zehaztu du “proposamen hori Nafarroa Baiko beste kideei eta beste indar aurrerakoiei” irekitako proposamena dela, “Nafarroa Bairen historian beti gertatu den bezala”.
Aralarren koordinatzaile nagusiak azpimarratu du Aralarrek proposamen hori kudeatuko duela Hego Euskal Herri osoan eman ahal izan dadin. “Nafarroan bere izena izango du eta bere berezitasunak izango ditu. Nafarren erabakia errespetatuko da politikoki. Aralar da nafarren defendatzailerik sutsuena bere duintasun politikoari dagokionean, baina uste dugu berezitasun horiek bateragarriak direla akordio orokorrago batekin, beste batzuetan gertatu den bezala”.
Bilerekin jarraituko dute
Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta Aralarrek gaur arratsaldean elkarrekin atera duten oharrean diote aste honetan egin dituzten bileretan azaroaren 20ko hauteskundeetara begira hainbat gaietan bat egiten dutela, eta horrek bozetara begira "hauteskunde sujetu" berri bat sortzeko aukera ematen duela. "Alde guztien helburua da gizarteari aurkeztea Euskal Herriaren interesak nazio moduan Estatuko erakunde nagusietan defendatzeko gai den eskaintza egitea".
Helburu hori lortzeko bilerekin jarraituko dutela iragarri dute.