euskal presoak

Aralarrek azpimarratu du "ezinbestekoa" dela euskal presoen eskubideak babestea

Larunbatean Bilboko mobilizaziora joateko eskatu du. Alderdiaren ustez, norabide horretan lehendabizi espetxe politika aldatu beharko da, azkenean amnistia aldarrikatzeko. 

2012ko urtarrilaren 3a
19:23
Entzun

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile eta Asun Fernandez de Garaialde Nafarroako koordinatzaileak eragile politiko eta sozialei eskatu diete joan daitezela larunbatean Bilbora euskal presoen eskubideen aldeko mobilizaziora, "ezinbestekoa baita presoen aldarrikapenak bultzatzea, Gernikako Akordioak bere ibilbide orrian jasotzen dituen bakegintza eta elkarbizitza bultzatzen jarraitzeko".

Aralarren ustez, norabide horretan lehendabizi "Justiziak berak exijitutako espetxe politika aldatu" beharko da, azkenean, "eta bere unean, amnistia aldarrikatzeko". Dena dela, zigorraren hiru laurdenak edo bi herenak beteta dituzten presoak, gaixotasun larriak dituztenak eta Parot doktrina ezarri dietenak askatzeko ere eskatu du, "zaharkituak geratu direlako". "PPk egiten duena eginda ere, bide hori segitu behar dugu eragileok eta herritarrok", adierazi du Zabaletak.

Aieteko Konferentziak "elkarrizketan eta demokrazian sakontzeko" dei egin zuela gogoratu du Aralarrek gaur, Iruñean emandako prentsaurrekoan, eta Gernikako Akordioaren sinatzaileak pauso horiek jarraitzen ari direla esan dute Zabaletak-eta, "indarkeria ororen biktimak aitortuta".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.