Eusko Legebiltzarrak ez du bakegintza edota itun berriari buruzko eztabaidarik egingo arratsaldeko saioan, taldeek atzeratzea erabaki baitute Aralarrek bi gai horiez aurkeztu zituen mozioak. Atzo bakerako foro bat sortzea lantzen ari ziren Aralar eta PSE, baina gaur ere ez dute akordiorik lortu.
Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak esan du bakegintzaz ados jartzetik gertu izan direla. Joseba Egibar EAJkoak adierazi du ez duela ulertzen nolatan ez duten azkenean akordioa lortu, eta uste du PPk beldurra duela hitzarmen bat egiteko.
Mozio bat Ezenarroren izenean sartua zegoen, "bakegintza eta elkarbizitza elkarrekin eraikitzeko egitasmoei buruz". Bestea, Mikel Basaberen izenean, "Euskal Autonomia Erkidegoko herritar guztiak bere baitan hartzeko gaitasuna izango duen itun berria eztabaidatzen hasteko egitasmoei buruz".
Gai horiez aritzeko datarik ez du jakinarazi, oraingoz, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak.
Arratsaldeko saioa hirurak pasatxo hasi da, Mikel Martinez EAJko legebiltzarkideak Gasteizko trenbideaz aurkeztutako mozio batekin. (gaurkorako hitzartu zuten gai zerrenda)