Aralarrek gaur jakinarazi duenez, Batasunak eta biek ez dute elkarrizketarik izan abertzaleen arteko elkarlanari buruz. Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak dio eurek "faltan" botatzen dutela hartu-emana, "beharrezkoa" baita. "Aralar eta Batasunaren artean konfiantza eta errespetu harremana izan behar dela uste dugu. Harreman hori egon ezean, zaila izango da elkarrekin ezer eraikitzea”, adierazi du Herri Irratian.
Aste honen hasieran Aintzane Ezenarro Aralarreko eusko legebiltzarkideak aitortu du Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta ezker abertzaleko beste hiru kartzelatuen "proiektua" ez zuela ezagutzen. Ezenarrok hori esan eta ondoren argitaratu da Batasunako zuzendaritzak bere militantziari helarazi dion txostena.
Abrilek esan du Aralar hasi dela beste alderdi batzuekin bilerak izaten, eta diskrezioa eskatu du. Koordinatzaileordeak berak herenegun zioen abertzaleen elkarlanak giza eta erabaki eskubideei heldu behar diela, "hauteskunde lehia" utzita.
Gaur azpimarratu du azken urtean “nahasmen handia” sortu dela polo soberanistaren inguruan. “Ez da argitu hauteskundeetarako aukera batez hizketan ari ginen edota helburu jakin batzuez -erabakitzeko eskubideaz, esaterako-. Horrelako gauzak hasieratik oso argi utzi behar direla deritzogu. eta, batez ere, indarkeriaren aurrean oso jarrera argia izan behar dela uste dugu. Elkarrekin lan egin ahal izateko eta iraganean egindako hanka-sartzeak ez errepikatzeko, Lizarra-Garazin bizi izan genuen bezala, irizpide komun minimo horiek bete behar dira”.
politika
Aralarrek dio Batasunak eta biek ez dutela harremanik abertzaleen elkarlanaz
Bi alderdien artean "konfiantza eta errespetu harremana izatea beharrezkoa" dela deritzo Jon Abril koordinatzaileordeak. Aralar ari da beste alderdi batzuekin hizketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu