Xabier Sarasua Aralar-Zutik koalizioako Espainiako Kongresurako zerrendaburuak, Patxi Aierbe Zaldibiako alkateak eta Aintzane Ezenarro Gipuzkoako batzarkideak eskaini dute kartel horien edukia salatzeko agerraldian. Sarasuaren arabera, kartel horietan aulki bat ageri da "Aulki hau ez dagokizu" goiburupean. Bertan alderdi politiko guztietako 500 izen inguru ageri dira, eta Batasunak egozten die hor azaltzen diren izenei haienak ez diren karguak hartzea.
Sarasuak salatu du kartel horietan azaltzen diren izenak "Batasunaren legez kanporatzearen arduradun bezala agertzea", eta "gezurretan" aritzea leporatu die Batasunekoei, "kartel horretan agertzen diren Aralarko kide batek berak ere ez du hartu Batasunari dagokion kargurik".
Sarasuak argitu duenez, Gipuzkoako Aralarrek beraiei zegozkien karguak bakarrik hartzea erabaki zuten iazko udal hauteskundeak amaitu eta gero. Horretarako, Zaldibiako Udaleko kasua aipatu du Sarasuak, nahiz eta legez bederatzi zinegotzi egokitu, bostek bakarrik hartu zutelako kargua.
Aralar-Zutik koalizioako zerrendaburuak gogoratu du "Batasunaren legez kanporatzearen aurka gogor azaldu" zela Aralar, eta Batasunarekin inguruko plataformei erakundeetan lekua egiteko "benetako ahaleginak" egin dituela. "Ez dugu aurreko hauteskundeetan gertatu zitzaizkigunak berriz bizitzea nahi, kartelak kendu zizkiguten, gure botopaperak ezkutatu zituzten eta presioak eta irainak jasan behar izan ditugu ezkerrekoak diren jendearen aldetik", adierazi du Sarasuak.
Halaber, Aralar "baldintzarik gabeko elkarrizketaren alde" dagoela gogoratu du Sarasuak, "bide horretatik, eta ez beste inondik ez baita etorriko gaztakaren konponbidea", eta hori hala izan dadin "gezurrak eta joko zikina alde batera uzteko" eskatu du.
Espainiako Gorteerako hauteskundeak
Aralarrek dio ez dutela Batasunari zegozkion kargurik hartu
Aralarrek Batasunak hauteskunde kanpainarako alderdi guztietako hautetsien izenekin atera dituen kartelak gaitzetsi ditu, "haien legez kanporatzearen erantzule zuzenak" izango balira bezala, eta horrek suposatzen duen "mehatxuarekin". Xabier Sarasua Aralar-Zutik koalizioako zerrendaburuak adierazi duenez, "kartel horretan azaltzen diren Aralarko kide batek berak ere ez du hartu Batasunari dagokion kargurik".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu