politika

Aralarrek dio Ezenarro, Basabe eta Erostarbe alderditik kanpo jarri direla

Alderdiko zuzendaritzak oinarri ideologikoak eta politikoak urratzea egotzi die eusko legebiltzarkideei.

2012ko apirilaren 4a
16:59
Entzun

"Aralarren zuzendaritzak jakinarazten dizue: alderditik kanpo jarri zarete, autoesklusioz. (...) Ondorioz, berretsi egiten dugu alderdiaren esku karguak utzi behar dituzuela, luzapenik gabe". Hala esan die Aralarreko zuzendaritzak Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe eusko legebiltzakideei, Eusko Legebiltzarrean elkarbizitza eta bakegintzarako lantaldearen sorreran alderdiaren erabakia bete ez dutela eta. "Barne arauak larriki hausten dituen jokabidea da".

Halaber, oinarri ideologikoak eta politikoak urratzea egotzi die hirurei, parlamentuko akordioko testuan ez delako ‘bazterketarik gabeko elkarrizketa’ aipatzen eta, hala ere, balekotzat jo zutelako. 

Aralarrek gaur goizerako bilerara deituak zituen Ezenarro, Basabe eta Erostarbe, baina hauek ez dira azaldu. Ondoren alderdiko zuzendaritzak bilera egin du, "egoeraren larritasuna ikusirik".

Hiru legebiltzarkideek atzo zioten ez dutela karguak uzteko asmorik.

Aralarreko zuzendaritzaren oharra

"Gaur goizean Aralarrek jarrita zeukan premiazko bilerara ez dira agertu deituta zeuden Aralarreko hiru parlamentariak: Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe.

Ikusirik egoeraren larritasuna, Aralarrek Hegoaldeko Batzordeak ez ohiko bilera egin du, eta aho batez hartu du alboan doan erabakia eta beraiei bidalia izan da:

1. Hegoaldeko zuzendaritzak berretsi egiten ditu orain arte jakinarazi dizkizuen ebazpenak, besteak beste ez zela onargarria “bazterketarik gabe” espreski ez dioen ponentziari baietza ematea, eta hori gertatu ondoren zuen karguak alderdiaren esku utzi beharra.

Hegoaldeko zuzendaritzak adierazten du, Aralarren oinarrizko balioa eta printzipioa dela eta izan dela beti, salbuespenik gabeko elkarrizketaren defentsa irmoa. Printzipio hori hautsita geratu da ponentziaren aldaketa eta murrizketa onartzearekin. Gainera, zuzendaritzak zehazki esandakoaren kontra bozka ematea, alderdiaren barne arauak larriki hausten dituen jokabidea da.

2. Martxoaren 30az geroztik, Aralarreko zuzendaritzak egin dizkizuen eskaerei eta bilera proposamenei ez diezue men egin. Gainera, komunikabideen medioz jakin dugu, alderdiaren erabakiaren kontrako jarreran mantentzen zaretela.

Jokabide horrek urratu ditu, alde batetik Aralarren oinarri ideologikoak eta politikoak, eta bestetik estatutuen 18. eta 61. artikuluetan argi eta garbi  ezarritakoa. Zuek zeuek jarri zarete alderditik kanpo, eta  ez dituzue aintzat hartu, elkarrizketarako deiera errepikatuak, azkenekoa gaur bertarakoa.

3. Beraz, Aralarren zuzendaritzak jakinarazten  dizue:

a) Aralarrek berretsi egiten du Bakearen, Normalkuntza Politikoaren eta elkartasun sozialaren alde jokatzeko asmoa, beti balioak eta printzipioak edozein taktika eta konbenientziaren gainetik jarrita.

b) Alderditik kanpo jarri zarete; autoesklusioz. Dena dela, berme batzordeari eskatu diogu azterketa egin dezan, ea estatutuen 18.5, 18.6, 61. 10 eta 61.11 puntuak urratu dituzuen zuen jokabidearekin.

c) Ondorioz, berretsi egiten dugu, lehen egindako eskaera, hain zuzen ere, alderdiaren esku karguak utzi behar dituzuela, luzapenik gabe".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.