Aberri Eguna

Aralarrek, EAk eta ABk abertzaleen bat-egitea "beharrezkoa" eta "premiazkoa" dela azpimarratu dute

Igandean Nazio Eztabaida Gunearen ekimenean izango dira hirurak -EA Gernika-Lumon ere bai, bere ekitaldian-. EAJk "kanpo loturarik eta terrorismoaren bortxakeriarik gabeko aberria" aldarrikatuko du Bilbon. EBk "Euskadiko egun bat" nahi du.

2009ko apirilaren 9a
21:08
Entzun
Aurreko egun eta asteetan beste eragile politiko, sindikal eta sozialek eskatu bezala, abertzaleen arteko elkarlana "beharrezkoa" eta "premiazkoa" dela nabarmendu dute gaur Aralarrek, EAk eta ABk, Aberri Egunera begira plazaratu dituzten gogoetatan. "Aurrean dugun egoera ez da erraza, ez samurra. Egoera horretan, indarrak batu, eta abertzaleek elkarlanean sakontzeko premia inoiz baino handiagoa da, eta bide horretan, Aberri Egunak gizartearen aurrean garena agertzeko balio behar du", dio Aralarrek.

Nazio Eztabaida Guneak Irunen (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi) ospatuko du Aberri Eguna, igandean, 11:30etik aurrera, eta izan izango direla jakinarazi dute Aralarrek, EAk eta ABk.

Aralarren ustez, ordea, abertzaleen batasunaren helburua "urrun" dago. "Bidea badago egiteko, eta bide horri heldu behar diogu, lehenbailehen, indar abertzale guztiek, inor kanpoan utzi gabe". Batzeak "ilusioa" sortzen duela dio, "Nafarroa Bai eta Euskal Herria Bai koalizioekin ikusi ahal izan den moduan". Indarkeria albo batera uzteko eskatu du, "horren zama ahulgunea delako".

Arlo sozio-ekonomikoaz ere mintzatu da Aralar, eta krisi garaian Euskal Herri ezkertiarra aldarrikatzeko beharra ezinbestekoa dela deritzo. "Justizia sozialik ez duen herri bat ez da inoiz herri aske bat izango, eta horregatik, Aralarrek abertzaletasuna eta ezkerreko izaera bat datozela aldarrikatzen du". 

EA

EAk, Mikel Irujo Komunikazio arduradunaren esanetan, garrantzi handia eman dio aurtengo Aberri Egunari, "[EAEko] autogobernuan espainolismoaren bitartez atzerapausoa gertatzeko atarian gaudelako". Horren aurrean abertzaleek bat eginda jokatu behar duela dio EAk; "zuhurtziaz eta sendo" ere bai. Autogobernua hobetzeko erabaki eskubidea beharrezkoa dela esan du gaur Irujok.

EAk Gernika-Lumon (Bizkaia) egingo du ekitaldia igandean (12:00, merkatua). Hala ere, ordezkaritza bidaliko du Nazio Eztabaida Gunearen ekitaldira.

AB

"Aldaketa garaia da, bai!", dio Abertzaleen Batasunaren (AB) agiriak. "Eta lehen lehenik indar abertzaleen aldetik, bakoitzak dituen erantzukizunen araberakoa, egoera berri honetara ekarri gaituzten jokaera eta estrategiak gogoetatu eta gainditzeko".

Hala, abertzaleen bat-egitea aldarrikatu du 2009ko Aberri Egunera begira atera duen agiriak. "Eztabaida politikoa ukatu gabe, indar abertzaleek elkarri irainak eta anatemak baztertu eta konfiantza, esperantza eta perspektiba politikoak eskaini behar dizkiote Euskal Herriari. Burujabetza garaia ez dadin izan egun bateko lelo hutsa elkarlana eta indar metaketak premia handiz bultzatu behar dituzte ondoko hilabeteetan".

Burujabetzaren aldeko mugimendua "zibil eta sozial zabala" izateko eskatu du ABk.

EAJ

Andoni Ortuzar EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteak gaur azpimarratu duenez, "kanpo loturarik eta terrorismoaren bortxakeriarik gabeko aberria" aldarrikatuko du bere alderdiak domekan Bilbon egingo duen ekitaldian (Plaza Barria, 11:00). EAJk ez dio Nazio Eztabaida Gunearen ekitaldiari babesik eman.

Ortuzarrek esan du euskal zazpi lurraldeetako herritarrek nazioa osatzen dutela, eta "muga bakarra" herritarrek libre erabakitzen dutena dela. "Koiuntura politiko denen gainetik, Euskadi gaur inoiz baino nazioagoa da eta euskal gizarteak ez du inoiz atzera egiterik onartuko". Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian "aldaketa politikoa eta soziala" lortzeko EAJk lan egingo duela hitz eman du.

EB

"Euskadiko egun bat" ospatzeko proposamena egin du EBk, Mikel Arana koordinatzailearen bitartez, "abertzaleak, abertzaleak ez direnak eta federalistek elkarrekin egiteko helburuarekin". Izan ere, hark gaur esan duenez, Aberri Eguna "gizartearen zati bat besterik ospatzen duen ekitaldia da". EBk berak ez du ekitaldirik egingo igandean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.