politika

Aralarrek "erakunde iraunkorra" sortu nahi du ABrekin

Gaur egun bi alderdiek "lehentasunezko harremanak" dauzkate, baina Aralarreko batzarrak dio beste pauso bat eman behar dela.

2010eko martxoaren 13a
13:54
Entzun
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak jakinarazi du bere alderdiak "erakunde iraunkorra" sortu nahi duela Abertzaleen Batasunarekin (AB). "Abertzaleak gara eta Euskal Herriko arazo guztiak gureak dira, ez zaizkigu arrotzak. Ez gaude Iparraldean hedatuta, baina Iparraldeko arazoak, kezkak eta helburu politikoek gu arduratzen gaituzte. ABkoak arduratuta dauden bezala Hegoaldeko arazoekin, Nafarroako arazoekin edo EAEko arazoekin. Horregatik, Abertzaleen Batasunarekin beste urrats bat egin nahi dugu: lehentasunezko harremanak aitortzeaz gainera, erakunde iraunkorra sortzea".

Hego Euskal Herriko batzarra egin du gaur Aralarrek, Donostian, eta aho batez onartu dute zuzendaritzak ABrekin "mahai" iraunkorra sortzeko egindako proposamena.

Langabezia, ingurumena edota etorkizuna bezalako "eguneroko arazoak" ere izan dituzte batzarrean hizpide. Politika ere bai. "ETAk Euskal Herriari zor dio bakea. Eta eman behar dion bakea euskaldunon bakea da, euskal bakea da", esan du Zabaletak. Nafarroa Bai koalizioaren aldeko apustua berretsi du, halaber. "Guretzat Nafarroa Bai aukera tinkoa da. Nafarroa Bai bai edo bai. Hori da gure xedea eta gure asmoa" baina, aurrera egiteko, ideien, programen eta egiturei buruzko adostasuna beharrezkoa dela aldarrikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.