Politika

Aralarrek eta ABk elkarrekin ospatuko dute Aberri Eguna, erabakitzeko eskubidea ardatz hartuta

Aberri Egun bezperan egingo dute ekitaldia, Urruñan (Lapurdi). Erabakitzeko eskubidea ardatz hartuta 'Agiria Euskal Herriari' izeneko dokumentua pazaratu dute, eta gainerako eragileei hor jasotzen diren printzipioekin bat egiteko gonbidapena egin diete. Aralarrek eta ABk ez dute "alderdi gisa" Independetistak-ek antolatu duen Aberri Egunean parte hartzeko deirik egingo.

2010eko martxoaren 18a
14:34
Entzun
Aberri Egunerako, hots, apirilaren 4rako, ez dute deialdi zehatzik egingo aurten Aralarrek eta AB Abertzaleen Batasunak. Bezperan, ordea, ekitaldia egingo dute elkarrekin, Urruñan (Lapurdi), 17:30etatik aurrera.

Gogoetarako agiria plazaratu dute, gainera: Agiria Euskal Herriari izenekoa. Euskal Herria nazioa dela, eta horrenbestez, erabakitzeko eskubidea dagokiola aldarrikatzea da agiri horren muina. Areago, etorkizuneko akordio politikoak erabakitzeko eskubidearen onarpena izan behar duela oinarri uste dute Aralarrek eta ABk, eta erabakitzeko eskubide hori "sozialki egonkortutako erabaki-esparruetan" gauzatu beharko litzatekeela, hots, Nafarroan, Euskal Autonomi Erkidegoan eta Ipar Euskal Herrian.

Horrez gain, giza eskubide, eskubide zibil eta eskubide politiko guztien defentsa, bakearen premia, politika sozial eta ekologiko aurrerakoien proposamena eta Euskal Herriaren eraikuntzan aritu beharra azpimarratzen ditu alderdi bien agiri bateratuak. ETAri indarkeriauzteko eskaera zehatza egin diote, eta preso politikoen amnistiarik gabe eta biktimei ordainik eman gabe bakerik ez dela posible iritzi diote.

Aralar eta ABko buruzagiek adierazi dute agiria irekia dela, eta nahi duten indar politiko, sindikal eta sozial guztiek dutela harekin bat egitea.

Donostian aurkeztu dituzte gaur ekitaldia eta agiria, Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak, Rebeka Ubera Antolakuntza idazkariak, Andde Saint-Marie, Joseba Garai eta Michael Altzibar ABko bozeramaileek eta Joseba Bernal eta Isaak Andueza Aralarreko gazte talde Iratzarriko kideek.

Independentistak mugimenduak Aberri Egunerako egin duten deialdiari dagokionez, "alderdi gisa" ez dutela hartan parte hartzeko deirik egingo agertu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.