Gara egunkariak atzo plazaratutako ETAren agiria izan dute azken ordutan hizpide alderdi nagusietako buruzagiek. Oro har, hotz hartu dituzte erakunde armatuaren azken gogoeta eta azalpenak, eta EA izan da agiri hori ontzat eman duen bakarra.
Hain zuzen ere, ezker abertzaleak gizarteak esaten diona egiten ari dela eta ETAri mezu hori helarazten ari dela ondorioztatu du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak Gara-k plazaratu berri duen agiritik. “Ezker abertzalea ari da erritmoa markatzen, ETAri esanez etorkizuna politikan dagoela eta politika egiteko ezker abertzalea bera dagoela”, adierazi zuen atzo. Oro har, agiria “positiboa” dela erantsi zuen Urizarrek, eta “egoerari laguntzen” diola.
Aralarrek ere aldaketa sumatu du ETAren azken agirian, zehazki, “hizkera eta kutsu ezberdinak”. Halaber, onerako zantzurik ere ikusi du, besteak beste, erakunde armatuak Anoetako eta Altsasuko proposamenak bere egitea: “era horretan aitortzen duelako gatazkaren konponbidea bide politikoetatik helduko dela”. Baina agiri horretan jasotzen dena Aralarri ez zaio aski iruditzen ontzat emateko, batik bat, indarkeriari ez diolako uko egiten eta beste su-eten bat ez delako aurreikusten. Areago, agiri horren bidez ezker abertzalearen ildo politikoa ezartzeko ahalmena ETAk bere gain hartzen duela uste du Aralarrek, eta hori “kezkagarria” dela azpimarratu du.
EAJk, PSEk eta PPk, berriz, erakundearen azken agiriak aldaketarik ez dakarrela nabarmendu dute beste ezeren gainetik. Hala, EAJko presidente Iñigo Urkulluk atzo adierazi zuen agiri horrek erakusten duela ETAk beste guztien zaintza politikoa egin nahi duela ikuspegi politiko-militar batetik. “Kezkagarriena da agiri horretatik ondorioztatzen den gauza bakarra dela ETAk erakunde terrorista bat izanik, bere burua erakunde politiko-militartzat harturik, mundu guztiaren zaintza politikoa egin nahi duela”, esan zuen zehazki. Buruzagi jeltzalearen arabera, ETAk armak uztea da gizarteak nahi duena eta horren aztarrenik ez dago agirian.
Jaurlaritzako Barne sailburu Rodolfo Ares sozialistak ere ETAk borroka armatuari lotuta segituko duela ondorioztatu du agiritik, eta horren aurrean “fronte guztietatik eta batasun politiko eta sozial handienetik” erakunde armatuari aurre egin behar zaiola aldarrikatu du. Ezker abertzaleari ere igorri dio mezua: politika egin nahi badu ETAk desagertuegin beharko duela, edo bestela ezker abertzalea erakunde armatutik “bereizi” beharko dela.
Leopoldo Barreda PPren EAEko buruak, ostera, ez du “berritasunik” ikusi agirian, eta erakundeak gizartearen gainetik jartzeko borondatea berretsi duela iritzi dio. Areago, ETAren agiriak ezker abertzalearen barneko eztabaida ixten duela esan zuen Barredak, “barne enfrentamendua armen bidez itxiz”.
Nafarroako Gobernuak adierazi du "ezer berririk" ez dagoela agirian, eta Yolanda Barcina UPNko presidenteak uste du "ezker abertzale barrura" begira egindakoa dela.
ETA-ren agiria
Aralarrek eta EAk aldaketa sumatu dute ETAren agirian, baina beste alderdiek ez
EAJk, PSEk eta PPk borroka armatuaren erabileran berretsi baino ez dela egin iritzi diote. Aralarrek “hizkera eta kutsu ezberdina” sumatu dio azken agiriari, baina ez ontzat emateko bestekoa. EAri, aldiz, “positiboa” iruditu zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu