Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusi eta Nafarroa Baiko lehendakarigaiak adierazi du "ezker abertzaleko beste sentsibilitateak" koalizioaren ateak zabalik dituela, "egitura irekia" delako NaBai, "baina betiere honen irizpideak bete beharko lituzke" bertan sartzeko. EAko zuzendaritza nazionalak ere jarrera irekia azaldu du, "aldaketaren aldeko sentsibilitate guztiak batzea delako gakoa". Hain justu, atzo ezker abertzaleak datorren urteko bozetarako Nafarroan elkarrekin aurkezteko proposamena egin zien Aralarri eta EAri, herrialdean "aldaketa politikoa eta soziala lortzeko".
Aralarrek gaur aztertuko du proposamena, Zabaletak jakinarazi duenez. "Edozein eragile politiko baztertzearen aurka gaude", esan du hark, eta euren "apustua" NaBai dela zehaztu du. "Nafarroan aldaketa egiten ari den egitura baita".
EAko zuzendaritza nazionalak ere argitu du NaBairen alde egiten duela, eta honek "irekia eta plurala" behar duela izan. Joan den irailean ezker abertzaleak eta EAk Nafarroako dekalogoa aurkeztu zuten.
Maiorga Ramirez Nafarroako EAko buruak arratsaldean Euskadi Irratian azaldu du gustatuko litzaiokeela ezker abertzalea NaBai barruan egotea. "Proposamen interesgarria egin du aldaketa lortzeko". Eskaera "lasaitasunez" hitz egin behar dela iritzi dio Ramirezek, "betorik ezarri gabe", eta betiere "sendo dauden egiturak [NaBai] apurtu gabe". EAk eta ezker abertzaleak ekainean akordio estrategikoa sinatu zutela gogoratu du hark eta Gernikako Akordioan Aralar eta hirurak elkarrekin daudela.
Oraingoz, Aralar, EA eta EAJk osatuko dute 2011ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetarako NaBai koalizioa. Batzarrek haiekin ez aurkeztea erabaki berri du.
EAJ
Josu Erkoreka EAJk Espainiako Parlamentuan duen bozeramaileak esan du NaBain "gauzak behar bezain lotuta" daudela, eta ezker abertzalearen proposamen horrek ez duela "orain arte egindako bidea" etengo. Edozein modura, erantzun behar dutenak EA eta Aralar direla gaineratu du.
Andoni Ortuzar EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidentearen ustez, berriz, ezker abertzaleak "ez du aldatu bere jokabidea, besteengan presio politikoa jartzen baitu".
Sanz, UPN eta PSN
Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakariaren ustez, Aralarrek eta EAk ez lukete onartu beharko ezker abertzalearen proposamena, "honek ez duelako betetzen Alderdien Legea".
Carlos Garcia Adanero UPNko bozeramaileak Aralarri eta EAri ohartarazi die "Batasuna legez kanpoko alderdia" dela, ETAk hor jarraitzen duela eta, ondorioz, "tinko" erantzuteko ezker abertzaleari.
Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiaren ustez, "NaBain gauzak ez daude garbi. Proiektu identitarioak baino ez ditu batzen, eta ez oinarri progesistek eta ezkerrekoek".
POLITIKA
Aralarrek eta EAk diote euren apustua NaBai dela, baina jarrera irekia agertu dute ezker abertzalearekiko
Maiorga Ramirez Nafarroako EAko buruak esan du gustatuko litzaiokeela ezker abertzalea koalizioan izatea. 2011ko hauteskundeetan Nafarroan elkarrekin aurkezteko proposamena egin die ezker abertzaleak. EAJren arabera, Nafarroa Bain "gauzak lotuta" daude. Miguel Sanzek dio Aralarrek eta EAk ez luketela onartu beharko proposamena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu