nafarroa

Aralarrek, ezker abertzaleak eta EAk Nafarroan bozak aurreratzeko eskatu dute

Herrialdean "gobernurik eza" dagoela uste dute. Parlamentuak atzera botatzen badu Barcinaren konfiantza mozioaren eskaera, "logikoena bozetara deitzea litzateke". Eragile askorekin egoteko asmoa daukate; "bereziki", Geroa Bai eta Ezkerrarekin, "Nafarroako eredu politiko berrirako bidelagun" izan daitezkeela eta.

2012ko ekainaren 27a
15:10
Entzun

Nafarroan "gobernurik eza" dagoela eta, Aralarrek, ezker abertzaleak eta EAk herrialdean foru hauteskundeak aurreratzeko eskatu dute. Duela urtebete izan ziren bozak, eta Yolanda Barcina UPNko presidentea da harrezkero lehendakaria. Orain pare bat aste, baina, hautsi egin zen UPN-PSN gobernu koalizioa, eta UPN orain gutxiengoan dago parlamentuan.

"Premiazkoa da hauteskundeak egitea", esan dute Aralarrek, ezker abertzaleak eta EAk gaur, Iruñean. Xabi Lasa Aralarreko kideak eta Pernando Barrena ezker abertzalekoak irakurri dute testua.

PSNk, NaBaik —Aralar, EAJ, independenteak—, Bilduk —ezker abertzalea, EA, Alternatiba— eta Ezkerrak Barcinari galdegina diote parlamentuari konfiantza mozioa eskatzeko, eta gaia biharko saioan aztertuko dute. Aralarrek, ezker abertzaleak eta EAk uste dute legebiltzarrak bizkarra ematen badio lehendakariari —eskatzaileek gehiengo osoa dute— Barcinak gobernuan jarraitzeko zilegitasunik ez lukeela eta "logikoena hauteskundeetara deitzea" litzatekeela.

Haien arabera, Nafarroan UPN eta PSNren aldean "arlo ekonomiko eta sozialean gauzak beste era batera" egin daitezke. Herrialdeko eragile askorekin egoteko asmoa daukate; "bereziki", Geroa Bai —EAJ, independenteak— eta Ezkerrarekin, "Nafarroako eredu politiko berrirako bidelagun" izan daitezkeela eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.