"Ezker abertzaleko indarrak batzeko akordio iraunkor eta egonkorra" proposatu die gaur Aralarrek "ezker abertzaleko beste sentsibilitateari" eta Abertzaleen Batasunari (AB). Hala, "aurretiazko inolako baldintzarik eta mugarik gabe elkarrizketak" hasteko dei egin die. Aralarrek uste du ETAren su-etenak eta Sortu alderdi politikoak estatutuetan indarkeria baztertu izanak eragileak "erabaki ausartak" hartzera behartzen dituztela. Dena dela, argitu du eskaintzak ez dituela maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeak kontuan hartzen.
Ezker abertzaleko bilgune horrek "independentista, ezkertiar, demokratikoa, eraldatzailea, ingurumenarekin konprometitutakoa eta zabala" izan beharko luke, Rebeka Ubera Gipuzkoako batzarkidearen arabera, eta Euskal Herri osoan egituratua. Eragile horren "eraginkortasun politikoa" lortu nahiko luke modu horretara Aralarrek.
Orain arte haiei modu pribatuan esandakoa publiko egitea erabaki du Aralarrek, zuzendaritzak gaur Donostian egindako agerraldian jakinarazi duenez.
Ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak Euskal Herria Ezkerretik akordioa sinatu zuten duela zenbait aste, baina Aralarrek dio bere eskaintza ez dela hori osatzeko, proposamena ez dielako EAri eta Alternatibari zuzendu. "Akordio estrategiko hutsa" da hura, Patxi Zabaleta Aralarreko kordinatzaile nagusiak gaur esan duenez.
Aralarren eskaintza Euskal Herri osorako izan arren, "Nafarroako egoera politikoak berezitasunak" dauzkala adierazi du Zabaletak, eta horregatik daukatela akordioa EAJrekin eta independenteen multzo batekin 2011ko udal eta foru hauteskundeetan NaBai bezala aurkezteko. EAri exijitu diote ezker abertzalearekin Nafarroara begira duten akordioa bazter dezala, EAk ez du halakorik egin, eta Aralarrek-eta NaBaitik kanpo utzi dute.
Ubera eta Zabaletaz gain, agerraldian izan dira Jon Abril koordinatzaileordea, Eusko Legebiltzarreko taldearen bozeramaile Aintzane Ezenarro, Ainhoa Beola Donostiako zinegotzia, Dani Maeztu eusko legebiltzarkidea, Txentxo Jimenez Nafarroako legebiltzarkidea eta Alex Larragoiti Arabako koordinatzailea.
politika
Aralarrek indarrak batzeko proposamena egin die ezker abertzaleari eta ABri
Bilgunea Euskal Herri osorako litzatekeen arren, Patxi Zabaletak dio "Nafarroako egoera politikoak berezitasunak" salbuespena egitea eskatzen duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu