Aralarrek gaur goizean Gasteizen egin duen agerraldian Espainiako, EAEko eta Nafarroako Gobernuak indarrean jartzen ari diren “murrizketa politika okerra” salatu du, eta gobernuei erantzukizunez jokatzeko eskatu die, langabeziaren "arazo larriari” aurre egiteko.
Horrekin batera, gaur jakinarazi dituzten langabeziaren datuak “kezkagarriak” direla adierazi dute. Igor Lopez de Munain eta Maritxu Goikoetxea Hegoaldeko Zuzendaritzako ordezkariek eskaini dute prentsaurrekoa.
"Sektore atzerakoienek eredu sozialari egiten ari diren eraso zuzena da hemen bizitzen ari garena. Ideologia da ezartzen ari zaiguna, ez konponbide miragarriak", adierazi dute. Haien arabera, indarrean dagoen politika ekonomikoak "ez du funtzionatzen", ezta murrizketek ere.