Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak jakinarazi du bere alderdiko zuzendaritzak onartu egin duela EA eta "ezker abertzaleko beste sentsibilitatearekin" "elkarrizketa ofizialak" hastea, eta gaur bertan emango diela biei erabaki horren berri. Hilaren 21ean egin zioten Aralarri gonbitea EA eta ezker abertzaleak, indar independentisten arteko elkarlana sustatzeko asmoz.
Biok aurreko egunean itun estrategikoa sinatu zuten Bilbon, euskal estatu independentea lortzeko helburuarekin. "Bide zibil, politiko eta demokratikoak erabiltzeko behin betiko konpromiso irmoa" dutela zioten.
Aralarrek "mugarik gabe" hitz egin nahi du, Zabaletak dioenez. "Elkarrizketa politikoen gaitegia mugatua izatea ez dugu onartzen. Kezka eragiten digun gauza guztiez hitz egingo dugu eta, jakina, gure interlokutoreei kezka eragiten dien gauza guztietaz ere hitz egingo dugu". Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kide ohiak berretsi egin du beste bi indar politikoen akordioko testuak "gabezi larriak" dituela.
Hark nabarmendu du "ezker abertzaleko beste sentsibilitateak" Zutik Euskal Herria adierazpena plazaratu duenetik "egoera politikoa desberdina" dela -joan den otsailean atera zuen-.
politika
Aralarrek onartu egin du elkarrizketak hastea EA eta ezker abertzalearekin
Patxi Zabaletak dio "mugarik gabe" hitz egin nahi duela bere alderdiak. Itun estrategikoa sinatu eta hurrengo egin zioten bilerei ekiteko gonbitea EA eta ezker abertzaleak, independentisten elkarlana sustatzeko helburuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu