politika

Aralarreko Berme Batzordea Ezenarroren, Basaberen eta Erostarberen kasuak ikertzen ari da

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak jakinarazi du batzordearen ondorioen zain daudela. Momentuz zuzendaritzak ez du "pauso gehiago" emateko asmorik.

2012ko apirilaren 13a
19:17
Entzun

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak gaur Bilbon emandako Forum Europako hitzaldian jakinarazi du Aralarreko Berme Batzordea Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe legebiltzarkideen kasuak ikertzen ari dela, eta haren ondorioen zain daudela.

Zabaletak gaur berretsi du hiru legebiltzarkideek "euren burua baztertu" egin zutela. Aralarren zuzendaritzak "oinarri ideologikoak eta politikoak urratzea" leporatu die hiru legebiltzarkideei.

Eusko Legebiltzarrean bakerako lantaldearen alde bozkatu zuten hirurek, eta "kontzientziaz eta koherentziaz" jokatu zutela uste dute. Kargua ez dutela utziko esan zuten.

Lantaldearen alde bozkatzearen ondorioz, Zabaletak esan du Berme Batzordeari helarazi zitzaiola gaia, eta horrek txosten bat argitaratuko duela. Batzordea Legebiltzarrean "aurretik izan diren kasuak" aztertzen ari dela gaineratu du.

Hala ere, Zabaletak dio geroztik hirurak "ondo" ari direla lanean "gai guztietan", eta momentuz zuzendaritzak ez duela "pauso gehiago" emango. "Errespetuzko harremana" mantentzen jarraituko dutela azaldu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.