Aralarren eta Alternatibaren batzarrek onartu egin dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ezkerreko subiranisten koalizioan aurkeztea. Aralarrek jakinarazi du Hegoaldeko Batzarrak gehiengo osoz hartu duela erabakia, Donostian; Alternatibak esan du Asanblada Nazionalak aho batez onartu dutela, Gasteizen.
Koalizioan ezker abertzalea, EA, Aralar eta Alternatiba egongo dira. Bihar eguerdian aurkeztuko dituzte izena eta marka, Donostian, Eureka Zientzia museoko Da Vinci aretoan. Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba elkarrekin aurkeztu ziren iazko maiatzean udal eta foru hauteskundeetara, 'Bildu' izenarekin. Ondoren, Aralar eta laurak koalizioan joan ziren azaroan Espainiako bozetara, 'Amaiur' izenpean.
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak esan du EAEn "gizarte ezkerzale, abertzale eta aurrerakoi gehiengoari eskaintza berri bat" egin behar zaiola, eta bere alderdiak hor parte hartu beharra duela. “Koalizioan sartzeko erabakia Aralarren jatorrizko helburuei eutsiz urrats bat da. Aralarrek helburu bat dauka: ezker abertzale zibil eta zabal berri hori eraikitze prozesuan ekarpen garrantzitsuak egitea, alde ideologikoan, egiturazkoan, antolaketa aldetik eta politiko aldetik".
Amaia Agirresarobe Alternatibako zuzendaritzakidearen arabera, indar ezkertiar eta subiranisten metaketaren aldeko apustua da koalizioa, eta "tresna eraginkorra" izango da.
2009ko martxoaren 1ean izan ziren EAEko azken bozak.
Lau indarrek aurreko astean Hego Euskal Herrirako akordioa estrategikoa aurkeztu zuten, Donostian.