Aralar mendilerroaren "aparteko balioa" ezagutarazteko dokumentala aurkeztu dute, gaur, On Produkzioak eta Landarlan elkarte ekologistak, Donostian. "Hain ezagun eta, aldi berean, hain ezezagun zaigun" naturgunea gizartera gerturatzeko lan bat ondu dute. "Ikusleak hango haran, baso, gaindegi, larre, barrunbe, osin eta haitzarteetan ezkutaturiko altxorrak deskubritzera" gonbidatuko dituela aurreratu dute, eta, mendilerroaren balio natural eta kulturalaz harago, "bere inguruko biztanleen imajinarioa elikatzen duen magia" ere jasotzen ahalegindu dira. Dokumentala "begirunez eta maitasunez eginiko ekarpen bat da", egileen esanetan. Urriaren 18an estreinatuko dute.
Ikuslea Aralarren murgiltzeaz gainera, mendilerroa babesteak duen garrantziaz ohartarazi nahi du lanak, "Aralarrek balio natural amaigabe eta denon elkargune izaten jarrai dezan".
Horretarako, hainbat adituren azalpenak bildu dituzte. Besteak beste, Aralarren geologiaz eta ur sistemaz, faunaz eta floraz, historiaurreaz eta historia hurbilaz, eta balio immaterialaz eta kudeaketaz ariko dira. Adituen azalpenak fikziozko istorio batek josiko ditu, "ikuslea gogoetara eramango duten irudi magiko eta balio poetiko handiko hitzez osatua". Hain justu, Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek idatzi duten istorioaren testuak desberdintzen du lana ohiko dokumental batetik, egileen iritziz.
Lanaren zuzendari taldea Iban Toledok, Garazi Auzmendik, Ion Fontenlak eta Aloña Jauregik osatu dute, eta haiek landutako irudiei musika jarri die Pello Ramirezek. Musikariaren esanetan, "erraza" izan da dokumentalaren musika konposatzeko lana, Aralarrekin duen "lotura afektiboa" dela eta.
Filmaren estreinaldia Donostiako Principe zineman izango da urriaren 18an, eta ondorengo egunetan eta asteetan hainbat zinema eta aretotan ikusteko aukera izango da: Beasain, Ordizia, Iruña, Tolosa, Zumarraga, Bilbo eta Hazparneko aretoetan, besteak beste.
BERRIA da proiektuaren babesleetako bat, eta dokumentala banatuko du egunkariarekin batera, abenduaren 15ean eta 16an. Digipack formatuan banatuko du: dokumentala USB euskarrian eta Pello Ramirezek konposatutako soinu banda CD batean. Digipack-a Durangoko Azokan ere salgai izango du BERRIAk, eta dokumentalaren emanaldietan eskuragarri izango da.
Aralar, mundua leku den lurra-trailer from ON Produkzioak on Vimeo.