Artzaintza

Aralarren zortzi artzain txabolaren erabilera adjudikatzeko deialdia egin dute

Enirio-Aralarko Mankomunitateak egin du deialdia, eta hamar urterako erabilera izango dute txabolek. Bihar amaituko da eskaerak egiteko epea.

Ardi batzuk Aralarko artzainentzako pisten ondoan, 2019an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko martxoaren 16a
16:05
Entzun

Artzain txabolen adjudikazio publikoa: horixe da Enirio-Aralarko Mankomunitatearen azken eskaintza. Bestelako arrazoiengatik bada ere, azkenaldian sarri entzun da Egin zaitez artzain leloa, baina proposamena serio egin dute Goierrin. Otsailean zabaldu zen eskuragarri dauden zortzi txaboletako bat eskatzeko epea. Ardiak, noski, txabola hartzen duenak erosi beharko ditu. 

43 txabola daude Aralarren magalean, eta libre geratutakoak eskaintzen ari dira orain. Eskaria egin eta onespena jasotzen dutenek, hartutako txabolaren arabera, 80 eta 200 euro artean ordaindu beharko dituzte urtean, eta hamar urtez erabili ahalko dute etxola, artzaintzarako. Goierriko Larre eta Txabolen Ordenantzaren arabera, artzain bakoitzari 500 ardiko artaldea izatea baimentzen zaio, dagokion eremuan.

Bihar amaituko da eskaerak egiteko epea, martxoaren 17an. Goierriko hamabost udaletako batean egin behar da, eta aurkeztutako proposamenak biharamun eguerdian irekiko dituzte, Ordizian.

Larratze denboraldirako

Goierriko Hitza-k azaldu duenez, «jabari publikoko ondasun baten erabilpen pribatibo izaeran duen kontzesioa» aplikatzen zaie Aralarko txabolei. Kontzesioa eskuratzen dutenek datorren larratze aldian bertan erabili ahalko dituzte txabolak, hau da, maiatzarekin batera hasiko den udako larratze denboraldian izango lituzkete eskura.

Milaka urte dituen tradizioari segida emateko aukera bat da mankomunitateak eskainitakoa. Zehazki, Aralarko txabola zaharrenak 4.700 urte ditu. Eneolitokoa da, eta Aiatzio deritzon parajean aurkitu dituzte arkeologoek aztarnak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.