POLITIKA

Aralarri eta EAJri atea ez dezatela itxi eskatu diote EAk, ezker abertzaleak eta Alternatibak

Azaroko hauteskundeei begira aurreko astean egindako proposamenari Aralarrek eta EAJk emandako erantzuna positibotzat jo dute, nahiz eta alderdiok euren ñabardurak azaldu.

2011ko abuztuaren 11
16:21
Entzun

“Bati zein besteari publikoki eskatzen diegu ez ditzatela ateak itxi. Proposamen ireki bat da hau”. Maiorga Ramirez EAko Nafarroako koordinadoreak publikoki Aralarri eta EAJri eskatu die iragan astean egindako proposamenari ez diezaiotela ezezkorik eman. EAren, ezker abertzalearen eta Alternatibaren izenean ohar bateratu bat irakurri du euskaraz gaur goizean, eta bertan positibotzat jo du Aralarrek eta EAJk aurreko astean egindako proposamenari emandako erantzuna. 

EAJren kasuan, adierazpenak “hain positiboak” ez direla izan uste badute ere, a posteriori akordioak egiteko aukera egon badagoela onartu duelako ontzat jo dute jeltzaleen lehen erantzuna. Dena den, Ramirezen arabera, “a posteriori ados jar bagaitezke, baita a priori ere”. Aralarrek, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoan akordioak egiteko borondatea azpimarratu du, baina Nafarroan NaBaik Bilduk baino boto gehiago lortu dituela-eta arazoak egon daitezkeela esan du. Horren aurrean, EAk, ezker abertzaleak eta Alternatibak ihardetsi diote proposamen horretan ez dutela “ez siglarik ez betorik” aipatu.

“Garrantzitsuena norabide batean indarrak biltzea da”, arrazoitu du Maiorga Ramirezek. Hiru alderdien arabera, interes alderdikoien gainetik jokatu behar da, eta norabide horrekin bat dator euskal gizartearen gehiengo handi bat. Euren ikuspuntutik, garai historikoa bizi du Euskal Herriak, eta "arduraz eta ausardiaz" jokatzeko ordua da. Azaroko hauteskundeetan hala Nafarroan nola EAEn lehen indarra izateko aukera argiak daudela nabarmendu dute, baldin eta “herri gisa” aurkezten bada.

Iruñean eskainitako prentsaurrekoan, EAko Maiorga Ramirez eta Eva Aranguren, ezker abertzaleko Miren Legorburu eta Txelui Moreno eta Alternatibako Oskar Matute eta Asier Vega izan dira. Maiorga Ramirezek euskaraz irakurri du oharra, eta Txelui Morenok, gazteleraz.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.