Aramaioko alkatea babestu du ezker abertzaleak

Asier Agirre kargutik kentzea demokrazia parte-hartzailearen kontra doala salatu dute

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleak uste du demokrazia parte-hartzailearen aurkakoa dela Asier Agirre Aramaioko alkateari Arabako Auzitegiak ezarritako zigorra: zazpi urtez kargua uzteko zigorra ezarri dio, AHTaren inguruko herri galdeketa bat babesteagatik.

Alderdiaren hautetsi eta ordezkari ugarik babestu zuten Aramaioko alkatea atzo Gasteizeneginiko agerraldian, eta gogor kritikatu zuten zigorra. «Kargutik kentzeko arrazoia AHTaren inguruan herritarrei iritzia galdegitea baino ez da, hau da, demokrazia ariketa bat egitea. Demokrazia parte-hartzailea da gure eguneroko eginkizunaren oinarria, herritarrek hautatu gintuzten, eta herritarrentzat lan egiten dugu».

Ezker abertzaleak botere ekonomikoak, EAJ, PSOE eta PP salatu zituen: «Guk ez diegu, haiek bezala, gure iritzia herritar gehienei inposatu. Herriari hitza ematea eskatzen du ezker abertzaleak, eta herriari hitza eman, hori egin zuen Aramaioko Udalak».

Ezker abertzaleak galdera egin zuen: «Europako Batasuneko zein estatutan da legez kanpokoa herri galdeketa bat antolatzea?».

Abiadura handiko trenaren aurkako jarrera berretsi zuten ezker abertzaleko kideek, eta salatu zuten, era berean, beste azpiegitura proiektu batzuk: Pasaiako kanpoko portua eta Petronorren koke planta, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.