POLITIKA

Arantxa Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi libre geratuko dira 60.000 euroko bermea ordainduta

Auzitegi Nazionalak hartu du erabakia, hiru abokatuek euren espetxealdiaren aurka aurkeztu zuten helegitea asteartean aztertu ondoren; ihes egiteko arriskua desagertu dela dio. Zulueta gaur bertan ateratzea espero da; Enparantza eta Sarriegi, berriz, biharko espero dituzte Euskal Herrian.

2010eko abenduaren 2a
14:12
Entzun

Arantxa Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi espetxetik aterako dira, 60.000 euroko bermea ordaindu ondoren. ETAren mezulari zirela leporatuta sartu zituzten aurten espetxean, baita etakideen ihesak kudeatzea, etakide berriak lortzea eta erakunde armatuaren iraultza zerga-ren ordainketetan parte hartzea ere. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak bera hiltzeko informazioa biltzea ere leporatu zien. Zazpi hilabetez espetxean egon ondoren, ordea, ihes egiteko arriskua desagertu dela iritzi dio Auzitegi Nazionalak, eta aske utziko ditu bermepean. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, Zuluetak tramite guztiak eginak ditu eta datozen orduetan libre geratzea espero da. Malagako espetxean dago. Enparantzak eta Sarriegik, berriz, datozen orduetan egingo dituzte bermea ordaintzeko gestioak, eta bihar arte ez dira aterako. Enparantza Granadako espetxean dago eta Sarriegi, Puerto IIIn. Non biziko diren zehaztu beharko dute hiruek, euren pasaporteak eman beharko dituzte eta astero epaitegitik pasa beharko dute. Ihes egiteko arriskua desagertu dela argudiatzeaz gain, abokatuak direnez libre badira euren defentsa hobeto prestatu ahal izango dutela gaineratu du Auzitegi Nazionalak. Realeko hiru jokalarik Sarriegi libre uzteko eskatu zuten Sarriegiren kasuan, "bere hitza konprometitzen duen inguru sozial eta familiarra" duela gaineratu du autoak. Gainera, bere aitaren saltokia Donostian "oso errotuta" dagoela argudiatu du, eta aita Realean 38 urtez egon zelako "oso pertsona maitatua" dela. Gainera, Realeko hiru jokalari epaitegian izan zirela ere badio autoak, eta horiek defendatu zutela Sarriegi libre uzteak ez zuela auzia oztopatuko: "Hortaz seguru daude, familiak horrela azaldu dielako". Hiru abokatuak apirilean atxilotu zituzten Naia Zuriarrain, Erramun Landa, Saioa Agirre, Jose Luis Gallastegi, Asier Etxabe, Juan Mari Jauregi eta Joxe Domingo Aizpuruarekin batera, Grande Marlaska Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak orduan salatu zuenez, operazio hark euskal preso politikoen defentsa eta elkartasuna zuela jomuga. Hainbat abokatuen elkartek harrezkero euren askatasuna eskatu dute, azkenekoz urriaren 2an. Operazio hori legez kanpokoa izan zela ohartarazi zuten, eta hasierako susmo hori epaileak sekretupean zuen auziaren nondik norakoak ezagutu ondoren berretsi egin zirela salatu zuten. "Zuzentasunez" tratatzeko agindua Operazio horretan hainbat lagunek torturak salatu zituzten; ez, ordea, hiru abokatuek. Ondoren jakin zenez, Guardia Zibilak hiru horiek "zuzentasunez" tratatzeko agindua zuen. «Zein tratu eman behar zitzaien orduan gainontzekoei?», salatu zuten urriaren 2an abokatuek Guardia Zibilaren txostena zenbait egunkaritara filtratu zenean. Polizia operazioaren txostenak dio Guardia Zibilarena "zirriborroa" besterik ez zela. Abokatuen ustez, ordea, txosten hori ikertzekoa da, areago, txostenak agintzen zuena bete zela ezagutu denean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.